Maider Undak azken unean lortu du Joko Olinpikoetara sailkatzea; Iñaki Lejarretaren parte-hartzea datozen aste bietan argituko da.
Uztailaren 27an Londresen hasiko diren Joko Olinpikoetarako gero eta gutxiago falta da eta orain lau urte legez Durangaldeak ordezkari bi izan ditzake lehian: Maider Unda oletarra (34 urte) borroka librean eta Iñaki Lejarreta berriztarra (28 urte) mendi bizikletan. Undak joan zen asteburuan lortu zuen sailkapena. Lejarretaren parte-hartzea datozen bi asteburuetan Munduko Koparako puntuagarriak diren lasterketa bietan argituko da.
Undak azken aukeran lortu zuen sailkapena, joan zen asteburuan Finlandian jokatutako txapelketan: “Aurreko kanporaketetan urduri egon nintzen, bai egunean bertan eta bai aurreko egunetan. Finlandian, aldiz, lasai aurkitu nintzen eta horrek kontzentratzen lagundu zidan”.
Orain atseden hartuko du egun batzuetan: “Azken asteak gogorrak izan dira fisikoki zein mentalki”. Ostean, Joko Olinpikoak prestatuko ditu burubelarri: “Batez ere etxean entrenatuko dut, gusturen sentitzen naizen tokian”. 34 urtegaz badaki azken jokoak izan ahal direla: “Hala ere, oraindik ondo sentitzen naiz, gorputzak erantzun egiten dit eta ez dut txapelketa ofizialetatik erretiratzeko asmorik”. Joko Olinpikoetan ariko den bigarren aldia izango da. Orain lau urte diploma olinpikoa irabazi zuen Beijing-en.
Lejarreta esperantzekin
Iñaki Lejarreta lehen aukeratuen artean dago, Hermida, Coloma, Mantecon, Alvarez eta Ruzafagaz batera. Horietatik hiru joango dira Londresera.
Cristobal Sanchez hautatzaileak Munduko Kopako lau probetan egindako lana hartuko du oinarri aukeraketa egiteko. Orain arteko bietan, “ez naiz espero bezain ondo ibili, baina Hermida kenduta, besteen aurretik geratu naiz”. Hurrengo proba biak asteburu honetan eta hurrengoan izango dira Txekiar Errepublikan eta Frantzian.
Lejarretak ere bigarren aldia luke Jokoetan. Beijing-en diploma olinpikoa irabazi zuen.