Maila galduta, hausnarketa eta autokritika egiteko sasoia dute Sasikoa eta Elorriokok

Anboto 2012ko mai. 11a, 08:44

Sasikoa bigarren urtez jarraian jaitsi da; Hirugarren mailan Mallabia da bertan geratzeko aukerak dituen talde bakarra

Sasikoa bigarren urtez jarraian jaitsi da; Hirugarren mailan Mallabia da bertan geratzeko aukerak dituen talde bakarra.

 

\"\"

 

Durangaldeko areto futbolak beherakada nabarmena izan du aurten. Batez ere, mailarik altuenetan ari diren ordezkarien artean. Sasikoa taldeak maila galdu du bi urtez jarraian. Elorrioko Buskantza ere Sasikoagaz batera jaitsi egingo da Euskal ligara. Hirugarren mailari eutsi diezaiokeen bakarra Mallabia da, baina estu eta larri dabiltza. Estu sailkapenean eta larri ekonomikoki. Beraz, datorren denboraldian Euskal liga Durangaldeko ordezkariz beteta egon daiteke, aipatutako hirurei eta dagoeneko maila horretan ari den Kurutziagari Abadiñoko Lagun gehitu dakieekelako Maila gorenetik igota.

 

Sasikoak eta Elorriokok autokritika egin eta etorkizunaz hausnartzeko sasoia datorrela diote. Durangoko taldeko entrenatzaile Iban Urnietak onartu duenez, urte bitan segidan maila  galduta, ezin dute balorazio positiborik egin, baina lehenengo taldeko jokalariei ezin die ezer aurpegiratu: “Inplikazio osoa erakutsi dute eta partidu askotan joko ona egin dugu”.

 

Beraz, zergatik jaitsiko dira? Futbolean oinarrizkoak diren jokalariak falta izan zaizkielako: aurrelari errematatzailea eta atezaina. “Atezainak lesionatuta izan ditugu eta sarritan jokalariek gorde dute atea; horrek asko mugatu gaitu”. Sasikoa A euskal ligara jaitsiko denez, maila horretan ari den Sasikoa B taldea ere Maila gorenera jaitsiko da automatikoki. Bigarren taldea ere eskas ibili da aurten (sei puntu bakarrik 24 partidutan) eta Urnietak “dezepzionatuta” dagoela onartu du. “Ez dut talde nagusian adinako inplikaziorik ikusi”. Horiek horrela, klubean “berrantolaketa sakona” egingo dutela iragarri du. “Jokalari asko joan eta berriak etorriko dira”.

 

Elorriokon hausnarketa

Egon hadi lo eta jango duk mehe atsotitzagaz laburbildu daiteke Elorrioko Buskantzak  maila galdu izanaren arrazoietako bat; edo bestela esanda, Iñigo Astarloa jokalariaren berbetan: “Berandu hasi genuen aurredenboraldia, herriko jaiak ere bai tartean… Eta jakina, arerioak zelaian ordenatuta egonteagaz bakarrik erraz irabazten ziguten”.

 

Ondoren, “desmotibazioa” etorri zen, emaitzak ez zirelako heltzen. Beste faktore batzuk ere badaude: entrenatzaile finko baten falta, taldea nahi baino laburragoa izatea… “Gauza txiki asko pilatu zaizkigu”. Laster klubeko batzar orokorra deitzekotan dira: “Etorkizunari begira egoera honi buelta emateko  hausnarketa sakona egin
behar dugu”.

 

Federazioagaz tira-bira

Sasikoa eta Elorrioko ez daude bat ere konforme Euskadiko Federazioak aurten eman dien tratuagaz. Kasu bitan araudia gaizki aplikatu dietela uste dute eta kaltetuta sentitzen dira. Hona hemen auzia: Sasikoak eta Elorriokok B mailako taldeak dituzte. Araudiak dio talde horiek filial modura izendatuta badaude 23 urtez azpikoek bakarrik jokatu ahal dutela talde nagusiagaz. Aldiz, menpeko talde modura izendatuta egonez gero, 23 urtetik gorakoek ere jokatu dezakete talde nagusiagaz.Sasikoako Iban Urnietak eta Elorrioko Buskantzako Iñigo Astarloak diote eurenak menpeko taldeak direla.


Kontua da, Sasikoak Gora Naturgas Energiaren aurka (Gernikako taldea) eta Elorriokok San Jorge Santurtziren aurka 23 urtetik gorako jokalariak erabili zituztela (Elorriokoak 23 urte eta 11 hilabete zituen). Partidu biak irabazi zituzten. Aurkariek Euskadiko Futbol Federazioari jakinarazi ostean, federazioak puntuak kentzeaz gainera isuna jarri zien. Biek helegitea aurkeztu arren, ez zieten onartu.

 

Sasikoak ez zuen Espainiako Federaziora jo, epea pasatu zitzaiolako, baina Elorriok epearen barruan aurkeztu du apelazioa. Puntu horiek berreskuratuta ere ez diote mailari eutsiko, baina “justizia” gura dute. 

 

 

 

 

Babesleak huts egin dio Mallabiari eta larri dabil

 

Mallabiari igoerek ez diote bertigorik eragiten. Azken urteetan lau igoera lortu ditu eta aurten Hirugarren mailari eusteko aukerak dituzte. Jardunaldi biren faltan, jaitsieran dagoen Meatzari taldeak baino hiru puntu gehiago dituzte  eta azken partidua elkarren kontra jokatuko dute.

\"\" 

Dena dela, baliteke kantxan irabazitakoa finantziazio faltagatik galtzea. Aurreko legegintzaldian Hierros Servando enpresak kultur eta kirol taldeei laguntzeko konpromisoa hartu zuen, Mallabiko Udala bitartekari zela. Areto futbol taldearen kasuan, lau urterako laguntza, 3.000 euro urtero. Aurten Hierros Servandok ez die laguntza hori eman eta, klubeko kideen arabera, kopuru hori barik ezingo diote mailari eutsi. Enpresagaz hartu-emanetan ipintzen ahalegindu dira, baina ez diete erantzun. Beraz, finantziazioa beste bide batzuetatik lortzeko hainbat ekimen prestatu dituzte.

 

Maiatzaren 26rako eta 27rako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritatik etorriko diren gaztetxoekin areto futbol txapelketak antolatuko dute. Ekainaren 8tik 10era, berriz, euskararen aldeko areto futbol maratoia egingo dute, udalak babestuta. Izen-ematea 80 euro da eta ekainaren 3ra artekoa da izena emateko epea. Saria 1.800 euro dira. Azkenik, ekainaren 15etik 17ra binakako frontenis txapelketa antolatuko dute. Ekainaren 10era arte eman ahal da izena. Izena emateko telefonoa: 669 028 718. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!