Ozaetan (Araba) jokatutako lasterketan Eneritz Iturriaga txapeldunorde geratu da errepideko Euskadiko Txapelketan, elite mailan. Lourdes Oiarbidek, aldiz, txapelketa irabazi du gazteen mailan.
Eneritz Iturriagak (Lointek) ezin izan du iaz Zizurkilen irabazi zuen errepideko Euskadiko Txapelketa berriztu. Alde batetik, argitu duenez, “fisikoki oraindik ez ditut sentsaziorik onenak”. Horri lasterketan zehar egindako lana gehitu behar zaio; une askotan berak eraman zuen tropelaren gidaritza, Lointek-en helburuetako bat Ana Usabiaga taldekideak 23 urtez azpiko txapela eskuratzea ere bazelako. Alde horretatik, lanak bere fruitua eman zuen eta Usabiaga txapeldun geratu zen.
Elite mailan, Iturriagak Leire Olaberriagaz lehiatu zuen txapela azken esprintean, baina “aurretik izandako desgaste guztiagaz ia ezinezkoa zen Olaberriari titulua kentzea”.
Oiarbide txapeldun gazteetan
Iturriagak ezin izan duena Beste Alde taldeko Lourdes Oiarbidek lortu du gazte mailan. Esprintean Sheila Gutierrez eta Eider Merinori nagusitu zitzaien eta Euskadiko Txapelketa irabazi du gazteetan.
Espainiako Kopa
Asteburu honetan, Albaceten, Oscar Sevilla Sari Nagusian lehiatuko du Eneritz Iturriagak. Espainiako Koparako puntuagarria da eta, une honetan, Kopako lasterketa bi joan direnean,abadiñarra sailkapeneko lehenengo postuan dago. Beraz, lidertza defendatzea izango du helburu. Guztira 12 lasterketak osatzen dute Espainiako Kopa.
SAILKAPENAK
OZAETAKO LASTERKETA: ELITEA (EUSKADIKO TXAPELKETA)
1- Yulia Iliynikh (Lointek)…………………….... 2.13.30
2- Anna Sanchis (Bizkaia-Durango)………….. 2.41era
3- Ana Potokina (Lointek) …………………… 2.45
4- Leire Olaberria (Debabarrena) …………… 4.12 (Euskadiko txapelduna)
5- Ana Usabiaga (Lointek) …………………… 4.12 (23 urtez azpiko Euskadiko txapelduna)
6- Eneritz Iturriaga (Lointek) ………………… 4.12 (Euskadiko txapeldunordea; zilarrezko domina)
OZAETAKO LASTERKETA: GAZTEAK (EUSKADIKO TXAPELKETA)
1- Lourdes Oiarbide (Beste Alde)………………… 1.24.32 (Euskadiko txapelduna)
2- Sheila Gutierrez (Meruelo) ………………….... Denbora Berean
3- Eider Merino (Talleres Artolozaga)….............. D.B.
ESPAINIAKO KOPA (Bi lasterketaren ondoren)
1- Eneritz Iturriaga (Lointek) ……………………… 109 puntu
2- Ana Usabiaga (Lointek) ……………….……… 91
3- Gloria Rodriguez ……………………………….. 76
4- Silvia Tirado (Ouribike) ……………….……….. 65
5- Anna Sanchis (Bizkaia-Durango)…………….. 60
Eneritz Iturriaga Euskadiko txapeldunorde geratu da.
Lourdes Oiarbide Euskadiko txapeldun berria da gazte mailan