Ilusioa eta urduritasuna maila berean ari dira hazten Europa Leagueko finala hurreratu ahala. Durangoko Udalak bandera zuri-gorria jarri du udaletxeko balkoian Athleticekin bat egin guran. Elorrioko Udalak, berriz, pantaila erraldoia jarriko du Gernikako Arbola plazan, herritarrek partidoa jarraitzeko aukera izan dezaten. Durangoko Plateruenak ere pantaila erraldoian eta zuzenean eskainiko du partidoa.
Athleticeko jokalariek azken aldian hazita dabilen Atletico Madril menderatu beharko dute. Bihar izango da hitzordua Bucaresten (Rumania), 21:05ean. Athleticen jokalari batzuk, gainera, durangaldekoak dira. Marcelo Bielsa entrenatzailea hamaikako finkoen zalea denez, Ander Iturraspe abadiñarra eta Fernando Amorebieta iurretarra hasieratik ipiniko ditu. Abadiñarrak lasaitasuna, oreka eta jokoa ematen dio Athletici eta Bielsaren sisteman funtsezko pieza da. Iurretarrak, aldiz, sendotasuna eta indarra eskaintzen dizkio, beharrezko dohaiak beti erasora jokatzen duen talde batean.
Koikili Lertxundi otxandiarrak eta Xabier Castillo iurretarrak ere hurretik jarraituko dute finala, jokatu ez arren.
Elorrion eta Durangon, pantaila erraldoia
Esan bezala, Elorrion finala zuzenean eta konpainian ikusteko aukera egongo da, Gernikako Arbola plazan jarriko dute pantaila erraldoian. Durangoko Plateruenak ere pantaila erraldoian eskainiko du finala zuzenean, 20:45ean hasita. Aurretik, 20:00etatik aurrera, saiheskia, patatak eta garagardoa edo freskagarria banatuko dituzte bost euroren truke.