Plateruenean izango da aurreneko kanporaketa, gaur; eskualdeko lau taldek eta bi norbanakok parte hartuko dute.
Besteak beste, Ermua, Lekeitio, Durango, Atxondo eta Abadiñoko kantariek hartuko dute parte Euskal Kantu Txapelketaren Bizkaiko lehenengo kanporaketan. Gaur, 19:00etan, Plateruenean izango da saioa.
Durangaldeko dozena bat abeslarik kantatuko dute Platerueneko saio horretan: Atxondoko Leire Pagonabarraga,Abadiñoko Irati Armentia, eta Bi Gehi Bi, Geu Be, Anbotopekuek eta Xaramel taldeetako kantari gazteak ariko dira gaur kafe antzokian.
Aurretik, Euskal Herriko Haur Kantarien txapelketaren bigarren saria jaso zuen Xaramel taldeak, adibidez. Taldekako lehiaketan, Ainhoa Devesak, Amaiur Azkaratek, Itziar Mugerzak, Maialen Izagirrek eta Maite Molinak kantatuko dute. Xaramel taldekoek, binaka eta bakarka ere parte hartuko dute. Maite Molinak Malko bi kantatuko du eta Amaiur Azkaratek Itsasoa gara interpretatuko du.
Euskal Kantuzaleen elkarteak antolatzen du txapelketa hau. Durangokoaren ostean beste hiru saio egongo dira, Bizkaiko beste horrenbeste herritan, eta ekainaren 3an, BBKren Bilboko aretoan izango da Bizkaiko lehiaketaren hamargarren finala.
Euskal Herriko final nagusia, ekainaren 16an izango da, Donostiako Antzoki zaharrean.