Internazionalizazioa izango da ardatz nagusia Lehiakortasun Poloak antolatutako jardunaldietan.
“Enpresak kanpora irtetea, aukera bat baino gehiago, beharrizan bat da”. Goiburu hori oinarri hartuta, Durangaldeko Lehiakortasun Poloak internazionalizazioari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, apirilaren 23tik 27rako, Azterlanen.
Ekimena doakoa da, eta Durangaldeko enpresa guztiei zuzenduta dago. Antolatzaileen helburua Durangaldeko enpresa egiturara heltzea da. “Gaur egun kanpora irteten saiatzen ari diren enpresez gainera, beste askok ere aukerak izan ahal dituzte”. Jardunaldiotan lau arlo landuko dituzte: esportatzeko estrategiak, esportatzeko bost gakoak, merkatu potentzialak aztertzeko teknikak eta esportatzailearen hamahiru akatsak.
Durangaldeko Enpresa elkarteak, Amankomunazgoak eta Azterlanek bultzatu antolatu dituzte jardunaldiak, eta, azaldu dutenez, goiz eta arratsaldeko txandak izango dira, “enpresarien asistentzia errazteko”. Apirilaren 23an, 15:00etan batuko dira. Izena emateko 902 492 000 telefono zenbakira deitu behar da.