"Amaiera jakinda jardutea aspergarri egiten zait"

Anboto 2012ko mar. 27a, 09:11

Joan zen astean aurkeztu zuen Iñaki Irasizabal idazleak Orbe auziaren ingurukoak nobela beltza. Gizarteko gai sakonei buruz idazten du zornotzarrak. Oraingoan, etikari buruz, erritmo biziko liburuan

Joan zen astean aurkeztu zuen Iñaki Irasizabal idazleak Orbe auziaren ingurukoak nobela beltza. Gizarteko gai sakonei buruz idazten du zornotzarrak. Oraingoan, etikari buruz, erritmo biziko liburuan. 

 

Aurretik egin dituzun lanekin alderatuta, beste bideren batetik jo duzu honetan?

Lehengo bidetik jarraitzen dut. Aurretik kaleratu ditudan liburu gehienak nobela beltza dira, eta hau ere bai. Ezaugarri nagusia erritmo azkarra du, eta liburua irakurterraza izatea bilatu dut honetan ere.

 

Zelan egin duzu lan?

Ideia pare bat hasieratik izaten ditut argi, eta horren inguruko eskema bat osatzen dut. Idazten hasten naizenean ez dut jakiten istorioa norantz joango den. Pixkanaka joaten naiz zehazten. Amaiera zabalik uztea gustatzen zait, zelan amaituko den jakinda jardutea aspergarria egiten zaidalako.

 

Kazetaritza eta soziologia ikasten ibilitakoa zara, eta liburuan mundu bi horiek uztartzen dituzu.

Bai, protagonista idazlea da, eta Zornotzako Institutuko maisua. Gizartea behatu eta interpretatzea, eta jendearen arteko harremanen mundua interesatzen zaizkit.

 

Besteak beste, Zornotzan eta Gernikan kokatu dituzu liburuko gertakariak.

Gehienbat Gernika inguruan kokatu dut nobela honetako istorioa, nahiz eta protagonista Zornotzako Institutuko irakaslea izan. Ezagun ditudan lekuak erabiltzen ditut gehienetan: aurreko lanak Durangon, Zornotzan, Bilbon... kokatu izan ditut.

 

Zure aurreko lanen zale den irakurleari zer gehiago eskaintzen dio honek?

Idazten ari den liburuaren argumentua azaltzen du, irratian, idazle batek. Handik gutxira hilda agertzen da. Ardura etikoaren eta ardura penalaren arteko diferentzia landu gura izan dut nobela honegaz.

 

Amaiera-amaierara arte lotu barik geratzen dena hilketa horri lotutakoa da?

Bai, hasieran benetan zer gertatu den amaierara arte ez da jakiten. Den-dena ez da azken pasartera arte jakiten.

 

Ez duzu ezer lotu barik utzi, liburuari jarraipena eman asmoz?

Ez dut egin, ez. Aurreko nobela neskato baten desagerpenaren ingurukoa zen, eta amaieran neskatoa ez zen agertzen. Oso ondo saldu zen nobela, eta jende askok esaten zidan: “Baina, eta neska zer? Non dago neska?”. Nik  ez nekiela erantzuten nien. Oraingoan dena ondo lotuta utzi dut, badaezpada ere (barrez).

 \"\"

Argitaratzen duzun bosgarren liburua da ‘Orbe auziaren ingurukoak’?

Hirian argitaletxeagaz hiru atera nituen orain urte batzuk, eta Elkarregaz beste bost kaleratu ditut azken urteetan. Zortzigarrena dut Orbe auziaren ingurukoak. Gaztelerara ere itzuli genuen liburuetako bat.

 

Idazteko prozesu atsegina
 izaten duzu?

Denbora tarte laburretan, baina egunero idazteko ohitura daukat. Ez dut sekula denbora asko etenik barik idazten ematen, horrela freskotasuna galdu egiten dela uste baitut. Uste dut irakurtzean ere igarri egiten dela tarte laburretan idatzitakoak direla pasartea. Horrela ateratzen zaizkit hain liburu meheak!

 

Lana eta idazkuntza uztartzeko denbora ateratzea zaila egiten zaizu?

Ez zait zail egiten egunero hogei minutu edo ordu erdiz idazteko denbora ateratzea. Urduri antzean idazten dut, hasierako freskotasun eta indar hori mantendu guran. 

 

Orain zenbat denbora pasatu zinen irakurle izatetik idaztera?

Orain hamar urte inguru argitaratu nuen lehenengo liburua. Horren aurretik ipuinak idazten nituen. Hainbat sari irabazi nituen ipuinekin, eta horrela hasi nintzen lehenengo liburua izango zena idazten.

 

Badiharduzu zerbait idazten orain?

Nobela bi dauzkat hasita, baina batek daki amaituko ditudan ala ez. Eskuartean ditudan bi lan horiek ere nobela beltza dira, ETAren ingurukoa bata. 

 

 

“Saiatzen naiz betiko ikuspegia barik originalago bat ematen”

 

Iurretan, metalgintzan egiten du lan Durangon jaio zen eta Zornotzan bizi den Iñaki Irasizabalek. Kazetaritza et\"\"a soziologia ere ikasi zituen —karrera amaitu ez zuen arren.
Kritikarien berbetan, igarri egiten da gai horiekiko interesa Irasizabalen idazkeran: liburu oso soziologikoak dira kaleratu izan dituenak. 

Europako iparraldeko idazleen liburuek daukaten arrakastak islatzen duenez, zale asko dauzkate genero beltzeko kontakizunek. “Tresna egokia da nobela beltza”, dio Irasizabalek, “liburua entretenitua delako, eta aldi berean gai sakonak aztertzeko aukera ematen duelako”.

Azken urteetan, urtero nobela beltzaren generoko liburu bana kaleratu du Iñaki Irasizabalek.
Literatura mota horretan, “beti dago hiltzaile bat, polizia bat edo ikertzaile bat...”, Irasizabalen nobeletan bezala. Baina desberdin idatzi gura du berak: “Saiatzen naiz betiko ikuspegia barik, originalago bat ematen”. 
Nobela honetan, ardura etiko eta penalen arteko diferentzia landu gura izan du idazleak: “Gazte batzuek gauza oso larri bat egiten dute, eta horrek narama etikaren inguruko gogoeta egitera”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!