Asperen eta Asegarceren laguntza handiagoa gura dute pilota eskolek

Anboto 2012ko mar. 27a, 08:04

Bizkaiko pilotaren egoera aztertzeko egindako forotik irtendako eskakizunetako bat da

Bizkaiko pilotaren egoera aztertzeko egindako forotik irtendako eskakizunetako bat da.

 

Bizkaiko pilotaren gaurko egoera aztertu, ondorioak atera eta etorkizuneko lan ildoak proposatzeko foroa egin du oraintsu Federazioak. Bizkaiko 40 pilota eskola (Durangaldeko asko tartean), epaileak, teknikariak, kazetariak eta hainbat modalitatetako pilotari ohiak batu ziren, besteak beste. Foroan oinarrituta, eskakizun nagusi bat jaso dute txostenean, enpresa profesionalentzako: “Pilotarien hezkuntzaren truke klubei zein federazioari ordaintzea eskatzen zaie Aspe, Asegarce eta Impala enpresei”.

 

Txostenaren arabera, “irizpide ekonomikoak kirol arlokoen gainetik daude gaur egun eta enpresek federazioarekiko eta klubekiko duten konpromisoa hutsaren hurrengoa da”. Horregatik, pilotari gazteak heztearren ordaintzea eskatzeaz gainera, beharrezko ikusten dute pilotari baten aurrefitxaketa negoziatzen denean klubari ekarpen ekonomikoa egitea.

 

Beste mota bateko laguntzak ere proposatzen dituzte. Horrela, Miribillako pilotalekuan jaialdi bat antolatzea eskatu dute, Bizkaiko kluben alde, goi mailako pilotariekin (Olaizola Irujo…). Horregaz batera, “pilotari profesionalen eta kluben arteko hartu-emana sustatu egin beharko litzakete”.

 

Era berean, beste ondorioetako batek dioenez, “federazioak pilotarien gainean erabakitzeko ahalmena izan behar luke eta enpresak federazioen azpitik egon behar lirateke”. Jaurlaritzari arlo hori lege bidez erregulatzeko eskatu diote.

 

Enpresen jardunbidearen inguruan jasotako azken ondorioa, galdera bategaz formulatu dute: “Gipuzkoan (Amezketan eta Tolosan) kadete eta gazteentzako teknifikazio zentroak badituzte, zergatik ez Bizkaian?”.
Bizkaiko Pilota Federaziotik jakinarazi dutenez, txostena asteon bidali diete hiru enpresa nagusiei. 

 

TXOSTENEKO LAU ONDORIO


 

  1. Munduko Pilota Biltzarra “ez da behar”

    Pilota Euskal Herritik kanpora sustatzeko helburuz sortu zen, besteak beste, Munduko Pilota Biltzarra 2006an. Txostenean jaso dutenez, Biltzarra “ez da beharrezkoa eta ez du zentzurik”. Diotenez, Euskadiko Pilota Federazioak pilotaren gaineko ahalmen osoa izan behar luke eta orain Biltzarrera zuzendutako laguntzak “pilotaren promoziora bideratu behar lirateke”. “Une honetan, beharrezkoa da pilota gure artean indartzea”. Biltzarraren jarraipena eskatu zuenik ere izan zen foroan.
  2. Ikastetxeetan pilota sustatu behar litzateke

    Esku pilota “hezkuntza zentroen programetan sartu” beharko litzateke, txostenean jaso dutenez. Horregaz batera, “gaztetxoen erakartze  kanpainak” eta horietan “pilotari profesionalek ere” parte hartzea proposatu dute. Federaziotik aurreratu dutenez, dagoeneko ari dira ikastetxeei begirako proposamen bat lantzen Aldundiaren, udaletxeen eta hiru aldeen artean aurrera eroateko. Ez dute gehiagorik aurreratu oraindino, proiektua lantzen ari direlako.
  3. Federazioaren txapelketak, pribatuen aurretik

    Pilota federatuari dagokionez, Bizkaiko Pilota Federazioak antolatutako txapelketak “pribatuen gainetik” ipintzeko eskatu dute, eta, horretarako, torneo pribatuak eta federatuak noiz eta zelan antolatu adostu beharko litzatekeela. Pilotarien garapen maila zehazteko, adierazi dute komenigarriak direla klubetako entrenatzaileen eta federazioko delegatuen eta  teknikarien arteko aldizkako batzarrak. Pilota emakumeen artean sustatzeko ekimenen beharra ere jaso dute.
  4. Trinketea, frontenisa eta zesta indartu

    Zestari dagokionez, Bizkaiko zein Euskadiko torneoetan “hainbat gabezia” ikusi dituzte. Esaterako, bidaietarako eta materialerako laguntza handiagoa behar ei da. Frontenisari dagokionez, “federazio propio bat” izan behar duela jaso dute txostenean. Trinketea “goraldian” dagoela uste dute eta “indartu beharra” dagoela.  Ikastetxeetan erakartze kanpainen beharra dagoela jaso dute, aipatutako hiru modalitateetan eta pilotari profesionalen parte-hartzeagaz.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!