Ez da denboraldi hasiera erraza izaten ari Cafes Baquerentzat. Afizionatu mailako oilarren itzalean, David Hidalgo eta Jon Quintanilla dira lehenengo hamarretan sailkatzea lortu dutenak.
Denboraldia hasi denetik sei lasterketa lehiatu ditu Cafes Baquek (bi Euskaldun Torneoan eta lau Lehendakari Txapelketan) eta birritan lortu dute lehenengo hamarren artean sailkatzea. Euskaldun Torneoko estreinakoan Jon Quintanillak zortzigarren amaitu zuen esprintean amaitu zen Zumaiako lasterketa. Joan den asteburuan David Hidalgo seigarren sailkatu da Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen Villatuertako lasterketan.
Ruben Gorospe zuzendariak taldearen aurkezpen ofizialean iragarri zuen “postu onak” lortzea zutela helburu “irabazteari muzinik egin gabe” eta oraingoz iragarpenak betetzen ari dira. “Caja Rural lako talde indartsuen mailarik ez dugu oraindik eta lehenengo hamarren artean sailkatzea bilatzen dugu” aipatu dio Anbotori Gorospek.
Hidalgok azken metroetan errepideak gorantz egiten zuela aprobetxatu zuen, “txirrindulari indartsua” dela erakutsiz, seigarren amaitzeko. Quintanillari buruz, urtebetean aurrepausu handia egin duela deritzo Gorospek: “Iaz lasterketak amaitzea kosta egiten zitzaion eta aurten dagoeneko zortzigarren postu bat lortu du; hori egindako lanaren adierazle da”.
Taldeko fitxaketa berriek, Rienda anaiek, asteburu honetan bertan debutatu dezakete Laukiz eta Gorlako lasterketetan: “Lizentziak tramitatzen ari gara eta ondobidean datozen egunetan amaitu ditugu gestio horiek; beraz baliteke asteburuan Rienda anaiak lehiatzeko prest izatea”.
Iñaki Lejarreta 17. Munduko Kopan
Iñaki Lejarretak (Orbea taldea) BTT-ko Munduko Kopako lehenengo lasterketa lehiatu du asteburuan Hegoafrikan eta 17. sailkatu da. Bere twitterrean adierazi duenez, “ez da ikaragarrizko emaitza ere, baina ez dago txarto; bide onetik goaz”.
Joan zen astean, aldiz, bigarren postu batekin ekin zion Espainiako Openari. Taldekide bik lagundu zioten podiumean: Julien Absalonek koskarik gorenan eta Ruben Ruzafak hirugarrenean.