Bertsolari gazteen finalean ariko da Durangaldeko taldea

Anboto 2012ko mar. 15a, 12:47

Busturialdeko seikoteak baino 52 puntu gehiago batu zituzten Markinako saioan, eta martxoaren 23an finalean egongo dira, Lea-Artibaiko taldearekin batera

Busturialdeko seikoteak baino 52 puntu gehiago batu zituzten Markinako saioan, eta martxoaren 23an finalean egongo dira, Lea-Artibaiko taldearekin batera.

 

Lea-Artibaiko eta Durangaldeko taldeek kantatuko dute  Bertsolari Gazteen BBK txapelketaren finalean. Bilboko Kafe Antzokian ariko dira bi eskualdeetako gazteak, 19:00etatik aurrera.

 

Pasa den eguaztenean, Busturialdeko bertsolariek baino 52 puntu gehiago batuta lortu dute Durangaldeko ordezkariek txapelketaren finalera ailegatzea: guztira, 358 puntu batu zituzten Markinako saioan.

 

Txaber Altube, Igor Uruburu, Ane Alegria, Aitor Bizkarra, Julen Sololuze eta Eñaut Uruburuk osatze dute Durangaldeko taldea. Sei bertsolari horiek badute txapelketaren aurreko edizioetan parte hartu izanaren esperientzia. Aurten arte, baina, ez dute kanporaketetan aurrera egiterik lortu. Orain urte batzuk, Eñaut Uruburu tartean zeukan Durangaldeko taldeak, bi urtez jarraian irabazi zuen txapelketa.

 

Markinan, 200 ikusleren aurrean kantatu zuten. “Saio gorabeheratsua” izan zela azaldu du Abadiñoko bertsolariak. “Talde moduan, orokorrean, hobeto ibili ginen aurreko saioan: honetan baino 50 puntu gehiago lortu genituen”, gogoratu du Uruburuk. Taldekako sariketa izanik, “bertsolari batek egun txarra izan arren, taldeko beste batek berdindu dezake”.

 

Seikotetik hiru (Altube, Bizkarra eta Igor Uruburu –anaia–), bere ikasle dira Abadiñoko bertso eskolan, eta oso pozik agertu da Eñaut Uruburu: “Bertso eskolako hiru gaztek txapelketako finalean kantatzea oso gauza polita da niretzako”.

 

Bizkaiko zazpi eskualdeetako taldeak aritu dira aurten, 24 urtera arteko bertsolari gazteen txapelketan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!