"Literaturak balio du herri bat eraiki edo gizartea aldatzeko"

Anboto 2012ko mar. 13a, 09:00
Erroteta argitaletxeagaz, bere olerkien bilduma kaleratu du Jon Ander Urkiagak: \'Atea itxi aurretik\'. Gasteizen AEK-ko irakasle da eta Euskal Filologia ikasten dabil, Anboton lankide izandako zornotzarrak.

Erroteta argitaletxeagaz, bere olerkien bilduma kaleratu du Jon Ander Urkiagak: ‘Atea itxi aurretik’.
Gasteizen AEK-ko irakasle da eta Euskal Filologia ikasten dabil, Anboton lankide izandako zornotzarrak.

 

Zure poesian gau giroa eta ironia nabariak dira...

Egia izan daiteke iluntasunak presentzia berezia daukala, bai, baina ez naiz horretan bereziki fijatu. Askotan, idazten hasten naizenean, ez dut jakiten zer idatziko dudan. Bat-batean lerro batean pisu berezia daukan berba bat agertzen da, eta olerkiaren haria ematen dizu. Beste batzuetan, ia poema osoa daukazu buruan.

 

Hertzainak taldearen kanta zatiak eta idazleen aipuak daude. Gabriel Aresti, adibidez.

Oso aproposak dira Arestiren berbak, liburua dohainik zein helbidetan jaitsi daitekeen esateko . Bere ideologiatik gertu egon naitekeelako hautatu dut Arestiren aipua. Eta Hertzainak... Zer esan Hertzainaki buruz? Talde bat badago, Hertzainak da hori. Oso berba onak dauzkate: “Bertsio ofizial faltsuen bilduma da historia”, esaterako. Oso esaldi sinpleak zelako pisua izan dezakeen erakusten du.

 

Sarrionandia ere aipatzen duzu.

Bai, asko gustatzen zaidalako bere idazkera. Sarritan, gehienetan, zer esan gura duen ez dut jakiten, baina hizkuntza erabiltzeko daukan modua asko gustatzen zait. Idazlea zu zara irakurtzen duzulako liburua asko gustatu zitzaidan, eta nire liburuaren bigarren partearen sarrerarako erabili dudan esaldia, bertan irakurri nuen: “Aita, politikan sinisten duzu?  Bai, existitzen da”.

 

 

Politikaz ere idatzi duzu, beraz.

Lehenengo parteko gai unibertsalen ostean, gai sozialak, politikoak, kulturalak eta linguistikoak lantzen diren bigarren parte  bat dauka liburuak, eta bigarren parte honen izenburu bezala erabiltzeko aproposa ikusi nuen Sarrionandiaren esaldia.

 

Berbak apaingarri asko barik, eta mezu zuzenak bidaltzeko baliatzen dituzu.

Uste dut literaturak, poesiak eta kulturak orokorrean —txorakeria eman dezakeen arren— balio dutela mundua aldatzeko eta herri bat eraikitzeko; eta balio dutela gizarte bat aldatzeko. Eta aldaketarako beharra badaukagula uste dut. Horretara bideratuak egoten dira nire idatzietako batzuk.

 

Gogoan duzu noiztik daukazun idazteko ohitura?

Idatzi txikitatik, beti egin izan dut, ez nuke jakingo esaten noiztik, baina aspalditik idazten ditut gauza solteak. Azken urteetan idatzi dudanaren ehuneko handi bat olerkiak izan dira.

 

Erraz ateratako olerkiak dira, ala kostata idatzitakoak?

Inspirazioaren araberakoa izaten da: batzuetan errazago ateratzen dira eta gehiago kostata beste batzuetan. Idatzi eta tarte batera berriro irakurtzen ditut beharrezkoa bada, zerbait aldatzeko.

 

Zeintzuk dira idaztera bultzatzen zaituzten inspirazio iturriak?

Izan daiteke irakurritako zerbaitetik ateratako ideia bat, telebistan edo irratian entzundako kanta bat, edo zeozer idazteko gogoa sentituta lanari ekin eta ateratakoa. Horietariko gehienek zakarretan amaitzen dute, baina noizean behin salbatzen da batenbat.

 

 

 

Asko idazten duzu?

 Ez da erraza hori neurtzea, baina aspaldion ez dut gehiegi idatzi, egia esan. Liburua atera arte, gehiago ez idazteko erabakia hartu nuen. Egon naiteke hilabete bat edo bi idatzi barik, eta hurrengo hilabetean bi-hiru lan idatzi.

 

 

 

Eskuz egin eta ondoren pasatzen dituzu olerkiak ordenagailura?

Bai, horrela egiten dut. Liburuko olerki hauek ordenagailuan gordeta eduki ditudanetatik hartatutako aukeraketa dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!