"Sakrifizoa eskatu arren, trukean jasotzen denak ez du preziorik"

Anboto 2012ko mar. 9a, 08:43
Oraintsu jokatu den Euskal Herriko Mendiko Eski Txapelketa irabazi du Iñigo Larizek. Lehia estua mantendu zuen Javier Tirapu nafarragaz. Elgoibartarra Mugarra Triatloi Eskolako arduraduna ere bada gaur egun

Oraintsu jokatu den Euskal Herriko Mendiko Eski Txapelketa irabazi du Iñigo Larizek. Lehia estua mantendu zuen Javier Tirapu nafarragaz. Elgoibartarra Mugarra Triatloi Eskolako arduraduna ere bada gaur egun.

 \"\"

 

 

Lasterketan etsai nagusi bi izan zenituen: zero azpitik 14 graduko tenperatura eta Javier Tirapu nafarra.

Horrela da. Alde batetik, hotz ikaragarria egin zuen. Hori berez ez da traba bat, zenbat eta hotz handiagoa elurraren egoera hobea izaten delako, baina mendi lepoetan eta tontorretan hotz handia pasatu genuen bene-benetan. Bestalde, Javierrek eta biok denboraldi osoa daramagu norgehiagokan, bata bestarengandik gertu. Egun hartan bera ni baino apur bat hobeto zegoen fisikoki, baina gorantza irabazten zidan tartea beheranzkoan jaten nion. Momentu batean makila galdu zuen eta aurreratu egin nuen. Ondoren, erori egin nintzen eta berak aurreratu ninduen. Handik zati batera bera erori zen eta berriro aldea atera nion. Lasterketa emozionantea izan zen.

 

Urtarrilean Espainiako Txapelketan 23. amaitu zenuen sailkapenean eta 15. seniorretan. Gustura emaitzagaz?

Pozik nago, baina zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Oso sasoi puntu onean heldu nintzen lasterketara. Banekien katalanak eta andorrarrak gaur egun puntu bat gorago daudela, mendiak gertu dituztelako, baina estrategiak huts egin zidan. Bizkorregi hasi eta azken zatian ahulaldia eduki nuen. Ondo ibili izan banintz, 10. amaitzeko aukerak izango nituela uste dut.

 

Kronikak irakurrita, zorte txarra ere izan zenuela esan daiteke.

Egia da, bai. Lasterketa ona egiten nenbilela eski bat galdu nuen. Berriro martxan hasterako, galduta nituen hainbat postu. Orduan erritmo bizia ipini nuen galdutakoa berreskuratu guran. Ahalegin horrek faktura pasatu zidan azken txanpan.

 

Asteburu honetan Euskadiko Kopa osatzen duten lau probetatik azkenean lehiatuko zarete, eta badituzu irabazteko aukerak.

Irabazteko aukerak badaude, baina gatx ikusten dut, Miguel Caballero madrildarra aurretik dagoelako. Euskalduna ez izanagatik, proban parte hartu dezake eta puntuagarria da berarentzat ere. Zerbait arraroa gertatu beharko da Caballerok ez irabazteko.

 

Munduko Kopako probaren baten ere lehiatu zara.

Bitan lehiatu naiz, Andorrakoan eta Gavarnie-koan (Erdialdeko Pirinioak, Frantzia). Egia esanda, oraindik dezente falta zaigu munduko kopako onenen mailara heltzeko. Andorran sekulako mailan aritu nintzela uste dut eta, hala ere, 50. amaitu nuen. Gainera, lasterketa horretako maila ez zen egon zitekeen altuena. Ni esperientzia bizitzera eta gure benetako maila zein den ezagutzera joan nintzen.

 

Nortzuk dira hain gainetik dauden horiek?

Italiarriak eta suitzarrak batez ere. Kilian Jornet kataluniarra ere hor dago. Kirol hau Alpeetatik dator eta igartzen da.

 

Zure kirol ibilbideko sasoirik onenean zaude?

Txirrindularitzan ibili nintzen sei urteetan hobeto egon nintzen, entrenatzeko ere denbora gehiago nuelako. Baina bizikleta utzi ondoren, oraintxe da fisikoki ondoen sentitzen naizen sasoia.

 

Txirrindulari sasoian Cafes Baquen ere aritu zinen. Joan zen astean aurkeztu zuten taldea. Egoera dagoen moduan egonda, ez da gutxi.

Krisia toki guztietara ailegatzen ari da. Txirrindularitza taldeek babesleak dituzte eta euren baitan daude. Cafes Baquek 34 urte daramatza taldea ateratzen eta marka handia da. Nik urte bi eman nituen han eta neure talde moduan sentitzen dut.

 

Kanpotik begiratuta, ematen du mendiko eskia sakrifizio handia eskatzen duen kirola dela.

Bai, bada, baina nik ez dut horrela bizi. Pirinioetara sarritan joaten gara entrenatzera eta abar. Baina gehien asebetetzen nauen kirola ere bada, duda barik. Mendiaren handitasuna, elurraren xarma, lehiaketa… Sakrifizioak egin behar diren arren, trukean jasotzen dudana askoz baliotsuagoa zait, ez du preziorik. Gainera, kirol minoritarioa denez, ia denok elkar ezagutzen dugu. Askok elkarrekin entrenatzen dute, eta, zelan esan, badago halako hurbiltasun bat, hartu-emanak sendotzeko balio duena.

 

Mugarra Triatloi Eskolako arduraduna ere bazara. Zer moduz moldatzen zara gaztetxoekin?

Triatloi eskolan egiten dudan lana oso aberasgarria da niretzako. Zortzi urtetik hasi eta 18 urtera arteko gazteak ditugu eta adin bakoitzaren eskakizunetara moldatu behar dugu. Urtetik urtera gero eta gazte gehiagok izena ematen dute eta hori pozgarria da. Triatloia bakarkako kirola da, baina taldearen balioak erakusten saiatzen gara, jokoen bidez.

 

Martxoaren 31n Durangoko duatloian parte hartuko dute?

Gaztetxoenak goizez ibiliko dira. Nagusien lasterketak distantzia olinpikoa duen arren, gazte mailakoek ere parte hartu dezakete eta ea baten bat probatzera animatzen den. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!