Unai Elorriaga Munduko Kopako txapeldun

Anboto 2012ko ots. 20a, 13:42

Londresko belodromoan jokatutako lehian, denboraldi osoko lan handia borobildu zuen etxebarriarrak.

Londresko belodromoan jokatutako lehian, denboraldi osoko lan handia borobildu zuen etxebarriarrak.

Pistan Munduko Kopako azken jardunaldia jokatu dute Londresko belodromo berrian. Cespa-Euskadi taldeko Unai Elorriaga lider moduan heldu zen puntuazio modalitatean eta sasoi punturik onenean aurkitu ez arren, txapeldun geratzeko adina puntu batu zituen.

Sailkapen proban hirugarren amaitu zuen 31 urteko etxebarriarrak finalerako sailkatuz, baina ez zen gustura geratu eskainitako errendimenduagaz. Finalean, lehenengo sprintean bost puntu lortu zituen. Ondorengo itzulietan ere liderrari zegokion mailan ibili zen eta azkenean hirugarren amaitu zuen. Batutako puntuak nahikoa izan ziren podiumaren gorenera igo eta urrezko domina luzitzeko.

Mazkiaranen erorikoa

Bestalde, Hodei Mazkiaranek keirin proban parte hartu eta sailkapen proban laugarren geratu zen; ondorioz, ezin izan zuen finalerako sailkapen zuzena eskuratu eta bigarren aukera lehiatu zuen. Proba horretan eguneko sustoa eragin zuen 22 urteko altsasuarrak. Ondoko txirrindulari batek ukitu egin zuen abiadura bizian zihoazela eta erori egin zen. “Erorikoaren ondorengo lehenengo segundoak tentsio handikoak izan ziren”, onartu du Fran Mena Cespa-Euskadiko teknikoak. Mazkiaran altxatzen saiatu zen, baina ezin zuen. Medikuek bertan atenditu zuten eta, zorionez, “dena susto batean” geratu zen; kolpe gogorra hartu zuen bizkarrean, baina ondorio larriagorik gabe. Bizikleta txikituta geratu zen.

Calvok Espainiako errekorra


Tania Calvo Espainiako selekzioagaz aritu zen eta Estatuko 200 metroetako plusmarka hobetu zuen (11 segundo eta 49 ehunen). Ez zuen finalerako sailkatzea lortu, baina munduko onenak lehiatu zirela kontuan hartuta maila handian aritu zen. Ez da ahaztu behar Calvo gasteiztarrak 19 urte dituela.

 

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!