Pistako Cespa-Euskadi taldeko Tania Calvo gasteiztarra Londresen da, Espainiako selekzioagaz Munduko Kopako laugarren eta azken proba lehiatzeko.
Horrela, bost hilabete barru Olinpiar Jokoak hartuko dituen hiriaren belodromo berria estreinatuko du Calvok, beste ziklista guztiekin batera. Abidura probetan parte hartuko du, Helena Casas eta Juan Peraltarekin.
Cespa-Euskadi taldea ere Londresen dago txirrindulari bigaz: Unai Elorriaga eta Hodei Mazkiaran. Elorriaga puntuazioko modalitateko Munduko Kopako liderra da gaur egun; beraz, Londresen mundu mailako txapelketa bat irabazteko aukerak ditu 31 urteko etxebarriarrak. Mazkiaranek abiadura eta keirin modalitateetan jardungo du. Keirinean aurtengo denboraldiko proba denetan lehenengo kanporaketa gainditzea eta 12 onenekin lehiatzea lortu du eta Londresen ere horixe izango du helburu 22 urteko altsasuarrak.
Londresko Joko Olinpikoetan bost ordezkari izango ditu Espainiako selekzioak: lau gizonen modalitateetan (abiadurako modalitatea kenduta beste denetan) eta bat emakumeetan. Baliteke hautagaien artean Cespa-Euskadiko txirrindulariren bat egotea, Juan Martinez Oliver Espainiako selekzioko hautatzaileak hala erabakiz gero.
Espainiako Kopa bertan behera
Bestalde, asteon albiste txar bat ere eman du pistako txirrindularitzak. Espainiako federazioak jakinarazi duenez, aurten ez du Espainiako Koparik antolatuko, arazo ekonomikoak direla-eta.