Ausardiz eta errespetutik, minbiziari buruz sorturiko 'Hareazko ipuinak'

Anboto 2012ko urt. 20a, 08:45

Gaztelerazko bertsioan gaur eta euskarazkoan urtarrilaren 21ean, Zornotza Aretoan estreinatuko dute obra

Gaztelerazko bertsioan gaur eta euskarazkoan urtarrilaren 21ean, Zornotza Aretoan estreinatuko dute obra.

 

Minbizia diagnostikatu dioten alabaren eta bere aitaren istorioa kontatzen duen lana da asteburu honetan, taldearen herrian, Zornotzan, Markeliñe antzerki taldeak estreinatuko duen antzezlana. Urtarrilaren 20an gaztelerazko bertsioan eskainiko dute, 21:00etan; eta euskaraz urtarrilaren 21ean, 18:00etan, Zornotza Aretoan izango den emanaldian.

 

Familia guztiari zuzenduriko antzezlanei dagokienez, oso ohikoak ez diren gaiei buruzkoa da Hareazko ipuinak: heriotzaz eta minbiziaz, umoretik dihardu obrak.

 

Jon Kepa Zumalde aktoreak idatzirikoa da antzezlanaren testua, eta bera da antzezlaneko aktore bakarra ere. Txotxongiloak dira, bestalde, alabaren eta beste hainbat umeren paperean ikusiko ditugunak.

 

Miren Larrea zornotzarra tarteko duen Anita Maravillas taldeko txotxongiloak eta Sandra F. Agirre eta Ines Martinez de Iturrateren txeloen musika barne hartzen ditu, beste beste, ikuskizunak.

 

Gaixotasuna dela-eta ospitalean egonaldi luzea igaro beharko du alabak, eta umea entretenituta mantentzeko aitak antzerkia, magia, zirkua, dantza eta imajinazioa zelan baliatzen dituen erakusten du Markeliñeren azkeneko lanak. Antzezlanaren aurkezpen orrian esaten denez, Hareazko ipuinak “ez da gaixotasun bati buruzko istorioa”, aita eta alabaren artean sortzen den mundu horri buruzkoa baizik.

 

Drama bat osatzea barik, euren helburua antzezlanagaz “itxaropena, irribarrea eta baikortasuna” helaraztea izan dela adierazi dute Markeliñeko sortzaileek aurkezpenean: “Ausardiaz eta errespetuz jokatu nahi dugu”, azpimarratu dute antzerki talde zornotzarreko kideek. “Bizitzeko desioa miretsi eta bizitzaren beste alde bat irudikatu”, gura izan dute.

 

Besteak beste, otsailaren 3an Berrizko Kultur Etxean izango da Marijo de la Hoz-en zuzendaritza artistikoagaz eta Carles Pujol-en eszenografiagaz osatu duten Hareazko ipuinak ikusgai. 

 

 

Gorakadak eta Marie Jongh-ek ere obrak estreinatu dituzte

 

Durangaldeko antzerkigileek 2011 urte amaieran eta 2012 urte hasiera honetan estreinatu dituzten antzezlanak ikusteko aukera izango dugu datozen asteetan eskualdeko hainbat aretotan.

 

Kultur Leioan aurkeztu zituzten abenduan Marie de Jongh eta Gorakada antzerki taldeek umeei zuzenduta sortu dituzten Alabatxo eta Printzea eta ahatea azkeneko antzezlanak.

 \"\"

Jokin Oregik zuzendurikoa da guraso izango den bikote bati buruz jarduteko ‘clown’ keinu antzerkia baliatzen duen Alabatxo obra. Martxoaren 18an Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko du Marie de Jongh taldeak obra, eta martxoan Berrizen ere eskainiko dute.

 

Martxoan Berrizko Kultur Etxean eskainiko du Gorakada talde abadiñarrak, bestalde, Printzea eta ahatea lana. Javi Tiradok eta Jokin Oregik pentsatu eta sorturiko lana da Printzea eta ahatea, eta Tiradok eta Alex Diazek burutu dituzte zuzendaritza lanak.

 

“Kontatua izateko gaztelu bat, zuhaitz bat eta etxe bat baino behar ez dituen” istorio txiki honen protagonistak Reyes Moleres eta Susana Soleto dira, eta Fran Lasuenen musika eta Javi Tiradoren eszenografia darabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!