Sarralde anaiekin igoera bilatuko du Abadiñok

Anboto 2012ko urt. 17a, 09:43

Kluben arteko xake txapelketa hasi da asteburuan. Sarralde anaiak aurten joan dira Abadiñora Durangoko Larrasoloetatik eta euskal ligara igotzeko griña berpiztu zaie abadiñarrei. Maila berean Zaldi Baltzak arerio zuzena menderatu du asteburuan ez jaisteko borrokan.

Kluben arteko xake txapelketa hasi da asteburuan. Sarralde anaiak aurten joan dira Abadiñora Durangoko Larrasoloetatik eta euskal ligara igotzeko griña berpiztu zaie abadiñarrei. Maila berean Zaldi Baltzak arerio zuzena menderatu du asteburuan ez jaisteko borrokan.

 

Orain urte bi Abadiño Xake Taldeak uko egin zion euskal ligan jokatzeari eta eurek hala nahita jaitsi ziren goren mailara: “Nekatuta geunden hainbeste joan-etorri hain urrunera egiten”, gogoratu du Ibon Martin xakelariak. Iaz igotzeko bat ere asmo barik ibili ziren, dibertsioz, eta bigarren amaitu zuten. Maila berean zebilen Larrasoloeta Xake Taldea, ordea, jaitsi egin zen eta hango xakelari batzuk Abadiñorako bidea hartu dute aurten; Rodrigo eta Diego Sarralde anaiek, esaterako. Orain, taldea indartu eta handituta ilusioa berpiztu zaio Abadiñori eta igoera dute buruan.


Anai biek edozein talde indartuko lukete; esaterako, 2010ean Euskadiko txapeldunorde izatea lortu zuen Rodrigok. Eurekin batera Alain Prietok eta oraintsu Bizkaiko txapelketa irabazi duen Ieray Galtzagorrik osatzen dute talde nagusia eta lehen jardunaldian bina berdindu zuten Santurtziren aurka.


Durangoko Larrasoloetak mailari eustea izango du helburu. Normala den moduan Sarralde anaien hutsunea nabarituko dutela diote, baina ez daude amore emateko, nahiz eta lehen jardunaldian erraz galdu zuten Getxoren aurka (0,5-3,5). Jesus Unzueta, Sabino Arauzo, Iñaki Lombraña eta Felipe Iglesias dira xakelari titularrak. Dena dela, aurtengo pozik handienak bigarren taldetik etorri daitezke. Gazte mailetatik igota hantxe dabiltza 14 urteko Enrique Garcia eta 11 urteko Alberto Garcia anaiak eta lehen jardunaldian B taldeak ezustekoa eman zuen Zornotza 3-1 menderatuta.


Elorrioko Zaldi Baltzak Abadiñoren maila berean dihardu, iaz igotzea lortu baitzuten: “Zein talde dabiltzan ikusita, mailari eusteko fin ibili beharko dugu”, aitortu du Aitor Arabiotorrek. Esan eta egin; lehen jardunaldian 3-1 menderatu zuten Zuri Baltza arerio zuzena. Talde nagusia Iñigo Axpe, Aitor Gallastegi, Alberto Sardón eta Jon Regillagak osatzen dute. Lehen mailan (iaz igotzea lortu zuten maila honetan ere) bina berdindu zuen Zaldi Baltzak eta hirugarrenean 1-3 galdu zuten.

 

Bestalde, Zaldi Baltzako kideek jakinarazi dutenez xake taldeko Gabonetako loterian buelta egokitu zaie. Asteazkenetan, 18:30etik 19:30era kobratu daiteke dirua Elorrioko Kirol Etxeko Zaldi Baltzaren lokalean.

 

Lehen jardunaldiko emaitza guztiak.

 

\"\"

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!