Lourdes \'Lur\' Basterretxeak mendizaletasuna telebistara eroan eta ondo baino hobeto frogatu du, Aconcaguara lehenengo igota saioa irabazi du-eta. Kirola maite du, eta antzeko ekimenen batean berriro parte hartuko lukeela dio. Iñaki Sagarna “Txileno”-k ez du hainbesteko joerarik kirolerako, baina abenturazale amorratua da. Txiletik gaztetan etorri zen Gorbeako artzainaren biloba, gero Pastor del Gorbea jatetxea zabalduz. Badaukate biek zer kontatua.
Zer ekarri duzue Aconcaguako esperientziatik?
I.S.: Lagun oso onak, batez ere. 24 orduan muturreko egoera bizi izan dugu, telebistan ikusi daitekeena baino handiagoa. Jendeari kosta egiten zaio laguntasunarena ulertzea, baina 24 orduak elkarregaz bizita, hango egun bat hemengo hilabete bat baino gehiago izan daiteke.
L.B.: Norbera hobeto ezagutzen laguntzen du. Gainerakoak antzezten ari direla igarri eta esaten duzu: “Zelakoak dira kideak?”; “Zelakoa naiz ni neu?”. Bestalde, han ez dugu izan dutxarik, telefonorik, kamerarik... Hona zatoz eta armairuan ez dakit zenbat arropa ikusi dezakezu. “Zertarako behar dugu guzti hau?”, diozu.
Argazki kamerak falta, baina bideo kamerak sobera.
I.S.: Bai, baina horren nozioa galtzen duzu. Niri joan aurretik esan zidaten era batekoa izan nintekeela edo antzeztu ere egin nezakeela. Baina bigarren egunerako zu zeu zara.
Eta zelakoa izan zen tontorrerako igoera?
L.B.: Nire buruagaz harrituta geratu nintzen. Ondo eraman nuen; ez nuen burukominik edo arnasteko arazorik eduki. Gindoazen erritmoan bikain nindoan.
I.S.: Hanketan hotz izan nuen. Ez dakit elurra sartu zitzaidan, edo agian izerdia bera zen. Umelduta nituen oinak, eta behatzak more nituela jaitsi nintzen. Hori baino gehiago, baina, fisikoki indartsu ez nengoelako eman nuen buelta. Azken zatia zen gogorrena, eta igo izan banu ere, gero ezin izango nuen jaitsi.
Lur, azalduiguzu gora ailegatzean sentitutakoa.
L.B.: Ondo heldu nintzen, eta harrigarria izan zen goikoa, guztiak niri itxaroten zeuden-eta. Jende askok “Iupi!” esan nuelako ziztatzen nau, baina zer gura zuten egitea, bada? Ez naiz zarataka hasten denetakoa, baina barrutik sekulako poztasuna neukan. Paisaia ikaragarria zen handik.
Juanito Oiartzabal izan duzue gidari. Trapu zikinik?
L.B.: Ez nuen ulertzen berak buruan pertsona batzuk edukitzea faboritotzat; besteok ez genuela balio zirudien. Hala ere, kameraz kanpo barre asko egin dugu elkarregaz. Beragaz 8.000 m-ko mendi bat egin dezakedala esateak poztu ninduen.
I.S.: Behin esan zuen puntua nik merezi nuela, baina ez zidala niri emango. Onartu nuen, baina min egiten du. Ni oso ondo moldatu nintzen Juanitogaz. Badu bere alde ona ere. Gabonetan zoriondu egin ninduen!
Errepikatzeko moduko esperientzia da?
I.S.: Niri mugak aurkitzea gustatzen zait; hala nabil abenturetan, 17 urte neuzkanetik. Saioak horretarako aukera eman dit; orain mendiaren bidez, baina izan zitekeen igerian egitea.
L.B.: Hainbeste proba beharrean, mendiagaz lotura gehiagoko zerbait gurako nuke.
Ametsak desiluisoa ere ekar dezake, txarto ateraz gero...
I.S.: Aconcaguara igotzea bada zure ametsa, nik ez nuke jokoan jarriko kanpoko faktore batzuen arabera.
L.B.: Gauza negatiboetan ere pentsatu behar da, anonimotasunetik publikotasunera igarotzen zara-eta. Jendeak jakin barik kritikatzen du, eta batzuek oso txarto pasatu dute; garesti atera zaie.