Hirumet taldeko abadiñarra hirugarren bider geratu da Euskadiko txapeldun Laudion jokatuko lasterketan.
Laudiok hiru bider hartu du Euskadiko txapelketako lasterketa eta hiru aldietan irabazle bera egon da: Egoitz Murgoitio. Lasterketan zehar birritan gurpila zulatuta ere 1.16-ko aldea atera zion Aitor Hernandez (Orbea) bigarren sailkatuari asteburuko proban. Javier Ruiz de Larrinaga sailkatu zen hirugarren: "Aurtengo denboraldiko planifikazioan asmatu dugu eta hortxe daude emaitzak. Oso pozik gaude. Orain emaitza horiek nazioarteko lehietan berresten saiatu behar dugu", adierazi du Murgoitiok.
Asteburu borobila izan da Hirumet taldearentzat. Jonathan Lastrak 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketa irabazi du. Lastrak ez zion hasiera ona eman lasterketari eta pare bat huts teknikoren ondorioz Iñigo Gomezek aldea atera zion. Ondoren, atzetik aurrerako bidea egin zuen eta azken txanpa ikusgarriaren ondoren, Gomez harrapatu eta sprintean menderatu egin zuen gurpil erdi bateko aldeagaz. Azkenik, Pablo Rodriguezek Galiziako 23 urtez azpiko txapelketa irabazi du; nagusien txapelketan ere onenekin ibili zen azkenengo itzulian manillarrak arazoak eman zizkion arte.