Zaldua eta Berriz lehorrak jota dabiltza etxetik kanpo

Anboto 2011ko abe. 16a, 08:51

Goren mailako azken postu bietan egotearen arrazoietako bat kanpoko partidak dira; orain arte ezin izan dute punturik eskuratu

Goren mailako azken postu bietan egotearen arrazoietako bat kanpoko partidak dira; orain arte ezin izan dute punturik eskuratu.

 

Bederatzi hilabete irauten duen liga batean, kirola edozein dela ere, erregulartasuna, oreka eta konstantzia aipatzen dira bertute nagusien artean. Astebururo ez bada ere, apurka-apurka puntuak batuz inurri lana egitea garrantzitsua da.

 

Zaldua eta Berriz, ordea, ezinean dabiltza oraingoz, eta goren mailako azken postu bietan daude. Etxean lortutako emaitzak ez dira lasaigarriak —zazpi partidatik bakarra irabazi du Zalduak eta bi Berrizek—, baina etxetik kanporako jarduna da kezkagarriena.

 

Bien artean kanpoan jokatutako 12 partidetan ez dira kapaz izan puntu bakar bat batzeko. Denak galdu dituzte. Berrizburutik eta Solobarriatik urrun etxean adina puntu batu balituzte, jaitsiera postuetatik libre egongo lirateke  bata zein bestea.

 

Zalduak gaitz izango du marka hori asteburu honetan apurtzea, Loiu liderra bisitatuko du-eta. Loiuk etxean jokatutako neurketa denak irabazi ditu. Berrizek, aldiz, ibilbide eskasa aldatzeko aukera du Basurtoren  zelaian. Basurto azken hirugarrena da, eta jaitsiera postuan dago.

 

Iurretako, igoera postuan

Bestelako ibilbidea darama Iurretakok. Loiu liderragaz puntuetara berdinduta dago igoera postuan. Ez da talde golegilea, baina oso gaitza da eurei golik sartzea; azken sei partidetan (Mungia, Iturrigorri, Moraza, Berriz, Begoña eta Ugao) atea hutsean mantentzea lortu dute. Horrela, azken asteetan Iturrigorri, Berriz eta Begoñaren kontra gol bat sartzea nahikoa izan dute hiru puntuak batzeko.

Zapatuan mailako bigarren talderik golegileena den Padura hartuko dute etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!