Abadiñoko trinketean eta Zaldibarko pilotalekuan batuko dira pilotazaleak datozen egunetan.
Olentzerok dagoeneko bisitatu ditu Durangaldeko pilotazaleak, eta urtea amaitu arteko pilota egutegi oparoa utzi die erregalu moduan. Olazar txapelketan Bilbao lapurtarra finaleko arerioaren zain dago lau t’erdian. Abadiñoko Tornosolo trinketan, berriz, Masterreko finala jokatuko dute asteburuan.
Joan zen eguenean, Olazar pilota txapelketako finalerdian, Bixintxo Bilbao erabat nagusitu zitzaion Jaka gazteari Zaldibarren(22-10). Lehenengo zatian berdindu samar joan baziren ere, bigarrenean Bilbaok partida erabat hautsi zuen. Oso ondo baliatu zituen Jakaren opariak, eta fisikoki ere ederto prestatuta dagoela erakutsi zuen. Bigarren finalerdia eguen iluntzean jokatu zuten Elezkanoren eta Urretabizkaiaren artean (emaitza ikusteko: www.anboto.org).
Binakako finalistak abenduaren 22an, 21:30ean, erabakiko dituzte. Batetik, Yoldi-Arratibel Albarado-Perezen aurka lehiatuko dira; ondoren, Altzelaik eta Diezek Elezkano I.aren eta Gorrotxategiren aurka jokatuko dute. Finalak abenduaren 31an jokatuko dituzte.
Masterra Abadiñon
Bestalde, gaur 17:00etan, Tornosolo Masterreko finalak jokatuko dituzte Abadiñon. Nagusietan Waltary eta Ander Martin finalerako sailkatuta daude. Arerioak nortzuk izango diren eguen iluntzean erabaki zen Uriarte-Antxia eta Gonzalez-Loquilloren artean. Gazte mailako finala Prietok eta Barandiaranek jokatuko dute.
Mikel Gonzalez berriztarrak beste final bat jokatu du oraintsu. Nazioarteko IV. Pilota Txapelketan, Ugartegazbikotean, 37-40 galdu zuen Larrazabal eta Waltaryren aurka.