Elorrio-Iurretako emakumeen arteko derbia, lau urte geroago

Anboto 2011ko abe. 10a, 09:57

Elorriok iaz lortu zuen igotzea, eta gaur elkarren kontra jokatuko dute Eleizalden

Elorriok iaz lortu zuen igotzea, eta gaur elkarren kontra jokatuko dute Eleizalden.

 

Derbiak jokatzea beti da gustagarria, eta gogoz itxaroten dira; are gehiago maila guztiak kontuan hartuta eskualde bereko talde bi bakarrik daudenean, eta lau urtean maila diferenteetan egon direnean; Iurretako lehen erregionalean eta Elorrio bigarrenean. Baina iaz Elorriok igoera lortu zuen, eta zapatuan Elorriok eta Iurretakok elkarren kontra jokatuko dute berriro.

 

Aulkian elkar ondo ezagutzen duten entrenatzaile bi daude, sasoi batean Iurretakon jokatu zutelako biek: Endika Romero Iurretakoren partetik eta Mikel Arrube Elorriori dagokionez.

 

Talde biak ligako beheko postuetan dabiltza, baina bien jarduna ezin daiteke aztertu ikuspuntu eta oinarri beretik. Iurretakok esperientzia du maila honetan, eta denboraldi hasieran “lehenengo seiren artean geratzeko aukera” zeukatela pentsatzen zuten, Endika Romerok onartu duenez. Joko aldetik partida on asko jokatu dituzte: partidarik galdu ez duen Arratia liderraren etxean 1-0 bakarrik galdu zuten, eta Ugao eta Peña Athletic lakoen kontra puntua urratu dute: “Atzean egindako huts puntualak dira puntu gehiago batzea eragotzi digutenak. Hori hobetzen saiatuko gara”. Asteburura begira baja adierazgarri bi dituzte: Maria Gutierrez erdilaria lotailu gurutzatutik operatu dute; antzeko lesioa dauka Yaiza Iragorri eskuin hegalekoak ere, eta ebakuntza egingo diote.

 

Elorrio txukun

Elorriorentzat esperientzia ‘berria” da maila horretan lehiatzea, eta txukun dabiltza: “Jokoagaz pozik nago. ‘Baina’ bat ipintzekotan esango nuke, batzuetan ez dugula asmatu jokoa emaitzetan islatzen”, dio Arrubek.
Gainera, aurten iazko blokeari eusten diote; bi jokalari joan dira eta bat fitxatu dute. Orain arte hainbat lesionatu izan dute, eta gehienak errekuperatuta daude, baina Jonek ezingo du jokatu. Hiru aste joan dira zuntz-urradura izan zuenetik; gutxi falta zaio, baina ez da derbirako egongo. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!