Atzo aurkeztu zuten abenduaren 3tik 8ra garatuko den IV. Nazioarteko Pilota Txapelketan parte hartuko duen euskal selekzioa
Munduko Pilota Batzarrak antolatuta trinketean eta ezker horman garatuko da txapelketa eta euskal selekzioa 19 pilotarik osatzen dute. Horietatik sei Durangaldekoak dira eta denak trinketean arituko dira, hainbat modalitatetan. Binaka bost pelotaritik lau eskualdekoak dira: Rober Uriarte (Atxarte pilota eskola), Ander Antxia (Atxarte), Mikel Gonzalez (Tornosolo) eta Ismael Larrazabal (Oizpe). Gomazko paleta argentinarrean Mikel Iraurgik (Atxondo) parte hartuko du eta larruzko paletan Iñigo Arrietak (Zidorra). Arrietak hainbat urte daramatza Durangon bizitzen.
Txapelketan nazioarteko zein pilotarik parte hartuko duen eta txapelketaren joko sistemna zein izango den bariku eguerdian Bilbon egingo duten prentsaurrekoan jakinaraziko dute. Momentuz aurreratu dutena da zenbat modalitatetan garatuko den txapelketa. Trinketean eskuz binaka, mutilen gomazko paleta eta larruzko paletan jokatuko dute. Ezker horman, berriz, eskuz binaka, nesken gomazko paletan eta pala motzean. Trinketeko pilotariak aukeratu dituztenak Pablo Fusto eta Unai Martin dira; ezker hormakoak, berriz, Josu Oleaga, Mikel Olana eta Jose Mari Zezeaga. Kepa Arroitajauregi da koordinatzaile orokorra.
Hauek dira modalitate bakoitzean lehituko diren euskal pilotariak:
TRINKETEAN
Larruzko paleta:
Iñigo Arrieta, Oier Saez de Camara eta Kepa Leiba
Gomazko paleta argentinarra:
Ariel Musri, Mikel Iraurgi eta Mikel Zulueta
Eskuz Binaka:
Rober Uriarte, Ander Antxia, Mikel Gonzalez, Ismael Larrazabal eta Inhar Ugarte
EZKER HORMAN
Nesken gomazko paleta:
Laura Saez, Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta
Eskuz banaka:
Ander Elezkano eta Aitor Gorrotxategi
Pala motza:
Ernesto Olano, Ibon Altuna eta Ibai Iradi