Atzo Elorrioko ziklo-kros proba irabazi zuen Egoitz Murgoitiok. Datorren asteburuan sasoi betean aurre egingo dio denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenetakoari: Igorreko Munduko Kopako proba.
Zapatuan Belgikako Kokjside herriko Munduko Kopako proban 16. amaitu zuen Egoitz Murgoitiok (Hirumet taldea). Nekeari nekea pilatu zion Euskal Herrirako bueltak: 12 ordu errepidean. Hala ere, domeka goizean Elorrioko ziklo-kros proban parte hartu eta irabazi egin zuen inbidia eragiteko sasoi puntuan dagoela erakutsiz. “Oso nekatuta nago”, adierazi zuen lasterketaren amaieran: “Baina ez nuen etxeko ateetan lehiatzeko aukera hau galdu nahi. Lasterketak animoz bete nau Igorreko lasterketari aurre egiteko”. Orbea taldeko Eneko Lejarreta berriztarrak ere lehen hamarren artean sailkatzea lortu zuen.
Murgoitiok denboraldiko zortzigarren garaipena lortu du horrela. Datorren asteburuan Igorreko Munduko Kopako proba lehiatuko du. Iaz hamaikagarren amaitu zuen eta aurten lehenengo hamarren artean sailkatzea izango du helburu.
XXXV. ELORRIOKO PROBA
1- Egoitz Murgoitio...................... 51.53
2- Aitor Hernández...................... 27 segundora
3- Aketza Peña............................ 32’’
4- Jose Antonio Hermida........... 1.05
5- Ruben Ruzafa......................... 1.39
6- Asier Arregi............................ 1.52
7- Iñaki lejarreta......................... 2.14
8- Erlantza Uriarte..................... 2.30
9- Santiago Armero.................. 3.25
10- Jon Pena............................... 4.56