Jon Karrok ‘Por y Para la DT1’ dokumentala aurkeztu du hedabideentzat. Herritarrentzako aurkezpen ofiziala egunean, 19:00etan, Traña-Matienako Errota kultur etxean izango da.
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea egon da, besteak beste, gaur goizean hedabideentzako egin duten dokumentalaren aurkezpenean. Diabetea kirola praktikatzeko ez dela oztopo da Jon Karrok lau haizetara zabaldu gura duen mezua: “Ni agertzen naiz dokumentalean, baina helburua ez da nire kasu pertsonala kontatzea, diabetea dutenei kirolagaz bateragarria dela adieraztea baino. Dokumentala motibaziorako bidaia bat izan dadila nahi dugu”. 2003an, diabetea zuela jakin ondoren, triatloietan parte hartzen hasi zeneko sasoia gogoratu du: “Apurka, hara eta hona joanda, hainbat diabetiko ezagutu nituen eta ohartu nintzen, kirola praktikatu nahi bai, baina motibazioa falta zitzaiela, erreferentzia bat, animatuko zituen lagun bat eta hori da dokumental honen helburua”.
12 minutuko dokumentalean zehar Ruben Perez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariaren, Eneko Llanos triatletaren, Pablo Aranda kirol arloko medikuaren eta Itziar Landajo hezitzaile eta endokronologian aditua denaren iritziak ere batu dituzte. Ander Shinovak zuzendu du dokumentala.
Eguenean, 19:00etan, Traña-Matienako Errota kultur etxean eskainiko dute. Sarrera doakoa da eta Itziar Landajogaz batera Luz Tato sukaldaria ere egongo da; Tatok diabetikoentzako egokiak diren janarien dastatzea egingo du.
Barikutik aurrera dokumentala www.dt1team.org webgunean ikusgai ipiniko dute eta laster Abadiñoko udalaren webgunean ere ikusi ahalko da. Horrez gainera, Durangaldeko hezkuntza zentroetan eta Osakidetzan banatuko dute: “Gure helburua ez da dokumentalagaz dirua egitea; ahalik zabalkunde handiena ematea baizik; DT1 motako diebetea eta kirola batergarriak direla ahalik eta jende gehienari erakustea”.