Suzukiaren bolantean eta Aketza Santakoloma kopiloto duela Espainiako Rally Txapelketako azken proban parte hartuko du barikuan eta zapatuan.
Gaur eguerdian (azaroak 25) abiatuko dira Madrilera Iñigo Olabegogeaskoetxea atxondarra eta Aketza Santakoloma durangarra. Iaz, lehenengoz, Espainiako Rally Txapelketako proba berdinean parte hartu zuten. Aurten urte hasieran Alacant eta Vigoko rallyetan parte hartu dute eta orain, berriro finantziazioa lortu dutenean, Madrilgo Rallya lehiatuko dute.
Bihar eta etzi entrenamenduak egingo dituzte eta bariku iluntzean (gauerdira barte) eta zapatuan egun osoan zehar garatuko dira tramuak. Iaz izotza egin zuen errepidean eta tentuz ibili behar izan zuten; aurten baldintza klimatiko erosoagoekin aurkituko direla ematen du.
Alacanteko proban zorte txarra izan zuten eta bosgarren zihoazela arazo mekanikoak izan zituzten. Vigon gurpila zulatu eta denbora asko galdu zuten, 11. tokian amaituz. Aurrekariak “esperientzia ona dira Madrilen egin dezakeguna kalkulatzeko; lehen zazpiren artean sailkatzea izango dugu helburu”, dio Olabegogeskoetxeak.
Euskadiko Rallysprint Txapelketan ere parte hartu dute aurten BMW M3aren barruan. Etxebarrian hirugarren amaitu zuten; Fiteron bosgarren; Aramaion erretiratu egin behar izan ziren eta Gernikan hirugarren geratu ziren.
Atxondarra eta durangarra esker oneko daude babesleekiko eurengatik lehiatuko dutelako Madrilgo rallya : Repara Tu Vehiculo, Durangoko Udaletxea, Construccion Galicer eta Bilbogres Berria.