Iurretako igoera postuan kokatu daiteke irabaziz gero; Berrizek nahi eta nahi ez puntuak behar ditu sailkapeneko zulotik irteteko.
Zapatuan derbia jokatuko dute Iurretakok eta Berrizek. Lehenengoak behetik gorako bidea egiten dabiltza eta garaipen gosea dute, igoera postuetatik puntu bakarrera daudelako. Berriz, aldiz, azkeneko postuan dago, eta sei puntura du salbazioa. Gosea baino gehitxoago da hauen beharra; puntu egarriz dira, zulotik irteteko.
Iurretako bolada onean dago. Liga garaipen bigaz hasi ondoren, hurrengo jardunaldietan ibilibide gorabeheratsua izan zuten, harik eta oreka aurkitu zuten arte. Azkeneko lau partidetatik hiru irabazi dituzte –horietako bat Zalduaren kontrako derbia 2-1–, eta Otxarkoagaren kontrako porrota ere ez zen merezitakoa izan; penalti bat ere huts egin zuten. Igoera postutik puntu bakarrera dauden arren, oraindik mailari eusteko adina puntu batzea dute helburu nagusi. Dena dela, igoera postuetan sartzeko aukera ona dute, asteburuan Loiu liderrak eta Retuerto bigarrenak elkarren kontra jokatuko dute-eta.
Berrizek orain arteko garaipen bakarra Zalduaren kontra lortu zuen ligako bigarren jardunaldian. Harrezkero puntu bakarra batu dute: Ugaoren kontrako berdinketa etxean. Golak sartzea izugarri kostatzen ari zaie berriztarrei; lau bakarrik daramatza zortzi jardunalditan. Jaso, aldiz, 15 jaso dituzte.