Urrian estreinatu zutenetik lau astez izan da Asier Altunak zuzenduriko filma Euskal Herriko hiriburuetan ikusgai. Datozen egun eta asteetan, Durangaldeko hiru herritan luzatuko digute ‘Bertsolari’ ikusteko gonbita.
Lau aste daramatza Asier Altuna bergararraren Bertsolari filmak Euskal Herriko hiburuetako zinema aretoetan. Zuzendariak azaldu digunez, “herriz herri ere beste bost-sei kopia ari gara zabaltzen”. Asteburu honetan, azaroaren 13an eta 14an, Elorrioko Arriolan, 24an Durangon eta 29an Berrizen emango dute filma Durangaldean.
“Miren eta Xabier Amurizaren herria delako”, Asier Altuna zinema zuzendari bergararrak gogo berezia ei dauka urrian estreinatu zuten Bertsolari pelikula Berrizen erakusteko. Azaroaren 23an, berriz, Unai Iturriaga bertsolariak lagunduta, egingo du Altunak filmaren aurkezpena Arriolan, 19:00etan, eta 20:00etan emango dute filma.
“Bertsolaritza zer den oso modu sinplean, lurtarrean, azaltzen da pelikularen hasieran”, azaldu digu zuzendariak.
Konkretutik abiatu arren, baina, “filmak aurrera egin ahala hegaz hasi eta bidaia bat da proposatzen du: inprobisazioa irudikatzen dugu, isiltasunarekin asko jokatzen dugu”, kontatu digu Altunak.
Orain arte erakutsi dutenetan, “filma jendeari iristen zaiola somatu dugu”, dio zuzendariak, “eta gozatu ederra hartzen duela”. Emanaldien ostean ikusleen aurpegietan hunkidura puntua, “begietan distira bat” nabari ohi da.
Bertsozaleek, bertsolariek eta Bertsozale Elkarteak ez ezik, aurretik bertsolaritza ezagutzen ez zutenek ere Bertsolari lanagaz inprobisazioaren mundua hain modu erakargarrian erakutsi izana eskertu diote zuzendariari. Azaroan Durangaldeko hiru herritan luzatu digute filma ikusteko aukera.
“Pelikula polita, poetikoa sortzea gura izan dut”
Hasieratik, ezagutzen ez duen jendeari bertsolaritza zer den erakusteko gogoa eduki dut, uste dudalako oso mundu erakargarria eta berezia dela. Bertsolaritzaren inguruan, hitzekin jolasten, zelako momentu politak disfrutatu daitezkeen gura izan dut erakutsi. Pelikula polita, poetikoa gura izan dut sortu: jolasari lekua egiten diona. Jendeari irudien bitartez gura izan diot helarazi bertsoak entzutean sentitzen dena.
Filmaren aurpegietako bat Miren Amurizarena da. Bai. 2009ko Euskal Herriko finaleko protagonistak daude batetik; Andoni Egaña txapeldun ohia eta gaur egungo Maialen Lujanbio txapelduna, eta Jon Sarasua, Joseba Zulaika eta beste aditu batzuk ere agertzen dira. Miren, bertsolaritza irudikatzeko erabili dugu; bera da irudi berezien aurpegia.
Dokumental eran kontatzeko gai aproposa izan arren, oso lan bisual eta poetikoa sortu ei duzu.
Zein izan zen hasiera? 2005eko finalean hasi nintzen pentsatzen BECen sentitu nuena lako emozioa zinemara eramatea polita izango litzatekeela. Bertsolaritzari buruz irakurtzen hasi nintzen lehenengo. 2009ko finalaren aurrean, Andoniri deitu eta jarraipen bat egitea proposatzea erabaki nuen. Hortik aurrera, bata bestearen atzean etorri da dena; martxan zegoen pelikula. |