Abadiñon jokatutako Euskadiko elite mailako finalerdietan Antxia eta Rafael menderatu zituzten. Finala bariku honetan jokatuko dute Tornosolo trinketean.
Buruz buruko Euskadiko elite mailako txapelketako finala erabakita dago. Abadiñoko Tornosolo trinketean jokatutako finalerdietan Mikel Gonzalez berriztarrak 40-37 menderatu zuen Ander Antxia abadiñarra eta Rober Uriarte abadiñarrak beste hainbeste egin zuen Mikel Rafael arabarrarekin (40-27).
Gonzalez eta Antxiaren arteko partidua oso gogorra eta lehiatua izan zen. Partiduaren azken txanpan Antxia 36-33 aurretik zihoan markagailuan, baina Gonzalez ia zuzenean joan zen 40ra (37-40). Berriztarrak min handia egin zuen saketik; 11 tanto guztira.
Bigarren finalerdian berdintasuna izan zen nagusi partida erdira arte (17-17). Ordutik aurrera hasi zen Uriarteren erakustaldia eta Rafaelek ezin izan zuen abadiñarraren erauntsia geratu.
Hirugarren eta laugarren posturako partida eta finala bariku honetan jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera, Abadiñoko Tornosolo trinketean.