Asteburuan Kazahstanen jokatutako Munduko Kopako lehenengo probatik airoso irten da Cespa-Euskadi. Ana Usabiaga, Unai Elorriaga, Hodei Mazkiaran eta Tania Calvok hainbat postu aipagarri lortu dituzte.
Unai Elorriaga Omniumeko podiumean sartzeko zorian izan zen, baina akats taktiko baten ondorioz bederatzigarren amaitu zuen azkenean. Lehenengo jardunaldia hirugarren amaitu zuen; puntukako proban, esaterako, bigarren sailkatu zen eta kanporaketa proban hirugarren. Lasterketa ikusgarria izan zen azkenengo hori; Walter Perezen eraso gogorrei ederto eutsi zien eta “laskerketa bertatik bertara ikusi duenak bakarrik daki zenbateko meritua duen Elorriagaren lasterketak”, adierazi du Fran Mena Cespa-Euskadiko kideak. Bigarren jardunaldian scrath-ean bakarrik huts egin zuen Elorriagak, baina ez indar faltagatik, taktikoki zuhur ibili ez zirelako baino; 18. amaitu zeun proba hori. Azkenik, kilometroko proban, berriro goi mailan aritu zen eta, azkenean, Omnium-eko sailkapen nagusia bederatzigarren amaitu zuen.
Tania Calvok 500 metroetan berea zen Espainiako errekorra hobetu zuen (35 segundo eta 009 ehunen). Keirin proban gutxigatik ez zuen kanporaketa gainditu; azken unean eta apur bategatik munduko txapeldun ohi Simona Krupeckaite aurreratu zitzaion.
Hodei Mazkiaran finalerdietara heldu zen Keirin modalitatean. Finalera sailkatzeko gutxi falta izan zitzaion; azken unean utzi zuen finaletik kanpora Haak herbeheretarrak. Ondoren, Mazkiaranek B motako finala jokatu eta zortzigarren amaitu zuen; emaitza ona da final horretan goi mailako txirrindulariak zeudela kontuan hartuta; munduko txapeldun San Perkings, besteak beste. 200 metrotako lasterketan ez zuen esperotako markarik lortu, baina hala ere Euskadi marka berria ezarri zuen (10 segundo eta 433 ehunen).
Ana Usabiagak puntutuko proban parte hartu eta oso lasterketa ona burutu zuen. Lauko taldetxo batean ihes egin eta itzulia irabazteko zorion egon zen, baina txekiar errepublikako Machakovak talde nagusian egindako lanaren ondorioz harrapatu egin zituzten. Hala ere, “azken unera arte gogor aritu da eta apurka bere maila hobetzen ari dela erakutsi du”, dio Menak.
Munduko Kopako hurrengo proba Cali-n izango da abenduan.