Mallabia zulotik irten da garaipen bi lortuta; azkena, Bilbo indartsuaren kantxan lortu du.
Mallabia Hierros Servando gero eta hobeto dabil areto futboleko hirugarren mailan. Liga porrot bategaz hasi zuten; ondorengo jardunaldi biak berdindu egin zituzten, eta azkeneko bietan irabazi egin dute.
Gainera, joan zen asteburuan ordura arte lider zen Tecuni Bilbo menderatu zuten kanpoan. Atsedenaldira 3-1 galtzen joan ziren, eta epaileekin haserre. Bigarren zatia hasi aurretik autokritika egin, epaileak bakean utzi behar direla kontzientziatu eta partidan kontzentratuz, emaitzari buelta ematea lortu zuten (5-7). Orain sailkapenaren goialdean daude.
Sasikoak eta Elorrioko Buskantzak, aldiz, zuloan jarraitzen dute. Durangoko taldeak 4-2 galdu zuen Santurtzin, eta hiru puntugaz azken hirugarren daude sailkapenean. Larriagoa da Elorriokoren egoera, orain arteko bost partidak galdu egin dituztelako.
Abadiño goi mailan
Azpimarragarria da Abadiñoko talde bien jarduna ere. Abadiñoko Lagunek zein Abadiñoko Gaztetxiek orain arteko partida guztiak irabazi dituzte, eta lidertzan (edo liderrekin berdinduta) daude goren mailan eta lehenengo erregionalean.