Bizkaiko federazioagaz elkarlanean hainbat ikastetxe bisitatuko dituzte datozen hileetan.
Durangaldeko Sigi-saga bizikletazaleen elkarteak, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioagaz elkarlanean, gaztetxoei bizikleta hurreratzeko ekimena abiatuko du datozen egunetan.
Eskola kirolaren barruan, Bizkaiko eskualdeetako hainbat ikastetxe bisitatuko dituzte 2012ko apirilera bitartean, bizikletaren kultura eta txirrindularitza gaztetxoengan txertatu guran. Jardunaldi horietan bizikleta zelan erabili eta bizikletako mekanikari buruzko nozioak (zelan desmuntatzen den gurpil bat, zelan konpontzen den zulatu bat…) erakutsiko dituzte. Horrez gainera, gizarte ikuspegia ere eman gura diete jardunaldiei, eta, bide horretatik, bide-segurtasunari eta herri barruko txirrindularitzari buruz ere jardungo dute.
Jakinarazi dutenez, datozen egunetan hasiko dira ekimenagaz eta tituludun monitore bik gauzatuko dute. Batez ere, 2000.ean eta 2001.ean jaiotako gaztetxoei zuzenduta daude jardunaldiak.