Larrakozelain etxetik kanporako lehenengo garaipena lortu gura du Zaldibarko taldeak.
Futbolean hainbat derbi jokatuko da asteburuan. Goren mailan nor baino nor gehiago ariko dira Iurretako eta Zaldua. Jon Gurutz Vázquezen mutilek garaipen bigaz hasi zuten denboraldia, baina azkeneko hiruretan puntu bakarra lortu dute. Zaldibarko taldeak, berriz, oraindino ez du irabazi etxetik kanpora. Orain arteko garaipen bakarra etxean lortu du, Moraza 2-0 menderatuta; ondorioz, puntu bakarrera dituzte jaitsiera postuak. Hain zuzen ere, Berriz postu deseroso horietan dago, lau puntu bakarrik batu dituzte-eta oraingoz.
Hirugarren erregionala
Beste derbi bi jokatuko dituzte hirugarren erregionalean. Ezkurdi liderrak Elorrio B jasoko du Arripausuetan. Ezkurdik oraindino ez du golik jaso. Elorrio, aldiz, goian kokatu daiteke irabazita.
Zaldua B eta Berriz Bren artekoa ere hartuko du Solobarriak. Biak ala biak sailkapenaren erdialdean dabiltza.