Zebel boskotea, lehenengo diskoa izango dutenaren grabazioa burutzen

Anboto 2011ko urr. 17a, 09:56

Iditu Records estudioetan dabiltza, urte amaieran kaleratuko duten hamabi kantako diskoaren grabaketa egiten

Iditu Records estudioetan dabiltza, urte amaieran kaleratuko duten hamabi kantako diskoaren grabaketa egiten.

 

Tributo a Barrikada eta MPB taldeetan jardundakoak dira Zebel taldean orain hiru urte batu ziren lau musikariak. Urtebete geroago, orain urte bi sartu zen Joannah, taldeari ahotsa jartzera. Bostok dihardutenetik sorturikoak dira taldearen lehenengoa izango den diskorako hautatu dituzten hamabi kantetako gehienak.

 

Interneten duela urtebete ingurutik dauzkate lokalean grabatu zituzten zenbait kanta entzungai, www.myspace.com/zebelrock gunean. Irailetik, baina, Durangoko Iditu Records-en estudioetan dabiltza kantak grabatzen: asteburuetan eta jai-egunetan egiten dituzte abendurako prest eduki gura duten diskorako grabaketak.

 \"\"

Lehenengo diskoan eskainiko dituzten kantak, bakoitza era batekoa direla kontatu digu Alberto taldekideak. “Rockaren inguruko kantak daude, metaletik gertuago daudenak, baina baita balada geldoagoak ere...”, diosku. Taldekide bakoitzak era bateko musika omen du gogoko, eta bosten nahasketa dira Zebel-en kantak: bakoitzak bere estiloa ekartzen du.

 

Kanta gehienen doinu indartsu eta gogorrak “asko lasaitu eta leuntzen” ditu Jo abeslariaren ahotsak, Zebel taldeko Alber gitarristak azpimarratu duenez: “Ondo kantatzen duen emakumezko ahots batek oso atsegingarri egiten ditu kantak”.

 

Baxu-jotzaileak idazten ditu Zebel taldean letrak: esanahi zuzen, argi eta esplizituak barik, entzulearen interpretaziora zabalik dauden letrak idazten ditu. Lehenengo diskoan bilduko dituzten kanten gaiak, eguneroko bizitzako kontuei eta sentimenduei buruzkoak dira. Ingelesez kantatzen dute.

 

Diskoaren kopia askorik ateratzeko asmorik ez daukatela esan digute Zebeleko kideek; Interneten, sarearen bitartez laster zabalduko dela badakite. Aurreikusi dutenaren arabera, urte amaieran diskoa prest dagoenean, kanta berriei eta kontzertuei helduko diete berriro.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!