Hiru taldeen artean orain arte jokatutako sei partidetatik bakar bat ere ez dute irabazi.
Gure taldeek liga hasi aurretik egindako iragarpenak betetzen dabiltza. Hirurek ala hirurek aurtengo deboraldirako helburu bakarra mailari eustea zela aipatu zutenean, susmatzen zuten zerbait. Oraingoz liga hasi besterik ez da egin, baina lehenengo jardunaldi bietan gure taldeek ez dute garaipenik lortu.
Sasikoak 3-2 galdu zuen estreinako partidan, Lauburu Ibarrara eginiko bisitan. Mailaz igotzeko faborito nagusienetakoak direla kontuan hartuta, porrota ulergarria da; partida amaitzeko 15 segundoren faltan, bina zihoazen, gainera. Joan zen astean, ordea, huts egin zuten Landako kiroldegian Soloarteren kontra (1-1).
Mallabia Hierros Servando bigun ibili zen defentsan lehenengo partidan, eta etxetik kanpora sei gol sartu arren galdu egin zuten Sestaon (10-6). Joan zen asteburuan, kontrakoa gertatu zen; partida erabakitzeko hamaika aukera huts egin zituzten, eta Egintzak hamar segundoren faltan lortu zuen hirunako berdinketa. Sasikoa eta Mallabia puntu bategaz badaude Elorrioko Buskantza ez da oraindino horretan estreinatu. Gainera, partida bitan 16 gol jaso dituzte. Lehenengo jardunaldian 3-9 galdu zuten Internacionalen kontra, eta bigarrenean zazpi sartu zizkien Buruntzak.
Presion Break ondo
Beheragoko mailetan denetariko hasierak izan dituzte gure taldeek. Presion Break taldeak garaipenagaz hasi du denboraldia goren mailan; Abadiñoko Lagunek galdu egin zuen Ibaizabalen kontra (7-4). Lehen erregionalean Sapuberri eta Elorriokoren arteko derbia durangarrentzat izan zen (6-4). Dantxarik hiru puntuak ekarri zituen Basauritik, eta Abadiñoko Gaztetxiek husna berdindu zuen.
Azkenik, emakumeen ligan Sasikoak oraindik ezin izan du punturik batu. Lehen jardunaldian 2-10 galdu zuen Alegria indartsuaren kontra, eta joan zen astean ere esku hutsik buelatu ziren Muskizetik (4-2).