Euskal ligako derbian Elorrio Rugby Taldeak 78-15 menderatu zuen Durango Ilarduya.
Emaitzak dena dio. Euskal ligako derbian, Elorriok ez zion aukera txikienik ere eman Durango Ilarduyari (78-15). Elorriok orain arteko jardunaldi biak irabazi ditu, eta lider dago, Universidad Bilbao taldeagaz berdinduta. Durango Ilarduyak, aldiz, orain arteko norgehiagoka biak galdu ditu eta azkeneko tokian dago.
Hainbat faktorek eragin zuten partidaren azken emaitzan. Batetik, Durangoko taldea 16 jokalarigaz joan zen, eta horietako hainbatek lehenengo esperientzia zuten senior mailan. Horrez gainera, goraipatu beharra dago Elorriok erakutsitako maila. Talde indartsua osatu dute, eta igoera postuen borrokan ibiliko dela dirudi.
Bestalde, Durango Ilarduyako talde nagusiak 15-39 galdu zuen etxean, Hernaniren kontra. Bigarren jardunaldia urriaren 16an jokatuko dute Bartzelonan.