Durangotik Gasteizera orduroko autobus zerbitzua eskatu dute

Anboto 2011ko urr. 9a, 09:32

Otxandio, Mañaria eta Izurtzako udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz batu dira

Otxandio, Mañaria eta Izurtzako udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz batu dira.

 

Otxandio, Mañaria eta Izurtzako udaletako ordezkariak Bizkaiko Aldundiko Garraio eta Herri-lan Saileko arduradun Itziar Garamendiagaz batzartu ziren astelehenean, hiru herriak Durango eta Gasteizegaz lotzen dituen autobus zerbitzua “eskasa” dela adierazi eta “konponbide bat emateko pausuak ematen” hasi daitezen eskatzeko.

 

“Aldundiaren aldetik jarrera positiboa ikusi dugu, eta Arabako aldundiagaz batzeko prest agertu dira”, azaldu du Pello Otxandiano Otxandioko zinegotziak.

 

\"\"Izan ere, gaur egun Alsa enpresak gauzatzen duen linea horren kontzesioa Arabako Aldundiari dagokio. Horregatik, datorren astean Arabako Aldundiko ordezkariekin batzartzeko eskaria ere egin dute: “Hiru herriak Bizkaian daudenez, Bizkaiko Aldundiak arazo honetan esku hartzea gura dugu, horrela, aldundi biak eta hiru herriak mahai berean eseri eta arazoari irtenbidea bilatzeko. Ez diogu errazagoa izango denik, baina hori da bidea”.

 

Hiru herrien eskaera garbia da: “Autobusa orduro hartzeko aukera izatea gura dugu” .Eskaera hori arrazoitzeko hainbat argudio plazaratu dituzte. Izurtza eta Mañariari dagokienez, “erabateko deskonexioa dago, nahiz eta Durango gertu dagoen. Batzuetan taxia erabili behar izaten dute”.
Otxandioren kasuan, mediku zerbitzuagatik zein erosketak egitera sarritan joan behar izaten da Gasteizera. Horrez gainera, “Gasteizen unibertsitate garrantzitsua dago, eta Durangaldeko jende asko joaten da bertara”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!