Euskal liga hasiko dute Durango Ilarduya Bk eta Elorrio Rugby Taldeak asteburuan.
Zapatuan Durango Rugby. Taldeak bere talde guztien aurkezpen ofiziala egingo du Goienkaleko Rugby tabernaren parean. 13:00etan ipini dute hitzordua, eta talde guztien argazki ofiziala ateratzeaz batera baloiak erregalatuko dituzte.
Arratsaldean, Arripausuetan, euskal ligako estreinako hainbat partida ikusi ahalko dira. 15:00etan kadeteek Santanderko Independiente taldearen kontra jokatuko dute, eta 16:15ean klub berekoen kontra arituko dira gazteak.
Ondoren, Durango Ilarduya Bk euskal ligari ekingo dio, 17:00etan, Uribealdea taldearen kontra. Talde beraren kontra lehiatuko du segidan lehenengo taldea, lagun arteko neurketan.
Durangaldeak euskal ligan duen bigarren ordezkariak, Elorrio Rugby Taldeak, Iruñean ekingo dio denboraldiari zapatuan. Urdin Ugarte eta Jon Ander Graciaren aginduetara taldeak gora egin du, sendotu egin da, eta aurten “lehenengo hiruren artean amaitzea dugu helburu”, Asier Igarza klubeko zuzendaritzako kidearen esanetan. Horrela, liga lehiatzeko bigarren fasera sailkatuko lirateke: “Taldean giro ona dago, eta jokalari batzuek errugbira bueltatzea erabaki dute”.
DRTko emakumeen taldea
Berezia da Durango Ilarduyako emakumezko taldearen kasua. Aurten 2012ko urte hasieran ekingo diote ligari. Izan ere, iaz Getxo eta Gasteizek Espainiako ligan ez eze euskal ligan ere jokatuko zutela esan arren, estatu mailakoan bakarrik aritu ziren: ondorioz, euskal ligan talde gutxi eta liga deskafeinatua. Taldeena ez eze, jokalari falta ere nabari dute klub askok.
Horregatik federazioak neurriak hartu ditu. Liga hasiera atzeratu eta urtea amaitu bitartean, aste birik behin, emakumeen errugbia sustatzeko jardunaldiak antolatuko dituzte hainbat herritan. Zapatuan, aurkezpenaren ondoren, emakumeak Hernanira jaialdian parte hartzera joango dira.