Areto futboleko mailen birmoldaketaren ondorioz, iaz talde historikoak jaitsi ziren hirugarren mailara; gure hiru taldeek badakite mailari eustea badela nahikoa erronka.
Sasikoa Durangok iaz maila galdu zuen. Mallabia Hierros Servandok lau urtean lau igoera lortu ditu. Elorrioko Buskantzak, berriz, hainbat urte daramatza maila horretan. Asteburuan, areto futboleko hirugarren maila hasiko duten Durangaldeko hiru taldeek orain arte bakoitzak bere ibilbidea egin duen arren, aurten helburu bera izango dute: mailari eustea.
Sasikoako entrenatzaile Iban Urnietak argitzen duenez, federazioak aurtengo mailak birmoldatu gura zituenez, iaz talde asko jaitsi ziren hirugarren mailara, eta aurten lehiakortasuna inoiz baino handiagoa izango da. Hain zuzen ere, iaz maila galdutako Ibarraren kontra hasiko dute denboraldia etxetik kanpora. Bestalde, Sasikoak ez du fitxaketa askorik egin, eta B taldeko lau-bost jokalari igo ditu lehenengo taldera.
Mallabia Hierros Servando irabaztera ohituta dago, eta horrexek beldurtzen du gehien Juan Carlos Perez entrenatzailea: “Hirugarren mailak ez du zerikusirik orain arte bizi izan dugunagaz. Dena askoz profesionalagoa da. Aurten partidak galtzea egokituko zaigu, eta badakit ez dela erraza, baina egoera berrira moldatu beharko dugu”. Aurten Sergio Garcia fitxatu dute Ermua futbol taldetik, eta orain modalitate berrira egokitzen dabil.
Elorrioko Buskantzak ere mailaz ez jaistea du helburu, baina Iñigo Astarloa entrenatzaileak baditu esperantza txikiak, iaz dotore ibili zirelako etxean. Hala ere, derrigor hobetu behar dute etxetik kanpora: “Azken urte bietan emaitza txarrak lortu ditugu kanpoan, esperientzia faltagatik edo”. Aurten Asier Arrieta eta Gaizka Peña fitxatu dituzte. Peña futboleko hainbat taldetan ibili da; Arrietak hauxe du bere lehenengo taldea.