Elgoibarren 0-2 irabazita sailkapenaren goialdean daude. Durangaldeko gainerako taldeei dagokionez, Iurreta izan da liga garaipenagaz hasi duen bakarra.
Durangoko Kulturalak iaz liga amaitu zuen bezain indartsu hasi du aurtengo denboraldia. Lau jardunalditan hiru garaipen lortuta sailkapenaren goialdean darrai Mikel Agirregomezkortak zuzendutako taldeak. Joan den asteburuan etxetik kanpora lehenengo garaipena lortu dute Elgoibar 0-2 menderatuta.
Orain arteko garaipen biak etxean lortuta zituen Kulturalak. Denboraldiko estreinako partiduan 2-1 menderatu zuten Alaves B eta hirugarren jardunaldian 4-0 jipoitu zuten Baskonia. Bi partidu horien artean, Laudio bisitatu eta 4-0 galdu zuten.
Durangaldeko gainerako taldeek denetariko emaitzak lortu dituzte. Ohorezko mailan Elorriok bana berdindu du Bermeora egindako bisitan eta ez da gutxi zelango buruhausteak izan dituzten kontuan hartuta. Goren mailan Iurretakok 2-3 menderatu du Basurto; Mikel Aperribai, Igor Arana eta Mikel Mateo izan dira Iurretako taldeko golegileak. Zalduak bana berdindu du etxean Begoñaren kontra Aitor Blazquezen golarekin. Berriz izan da galdu duen Durangaldeko talde bakarra; Michael Gonzalezen gizonak eskuhutsik bueltatu dira Loiutik (0-2).