Kadete eta gazte mailan lehiatuko dira. Finalak Mañariko pilotakuak hartuko ditu.
Aste honetan ekin diote promesen XXVI. Cafés Baqué Txapelketari. Urtero legez, kadete eta gazte mailan nabarmentzen dabiltzan pilotaririk esanguratsuenek jokatuko dute Mañaria, Atxondo, Iurreta eta Abadiñoko pilotalekuetan. Finalak txandatu egin ohi dituzte lau udalerrien artean, eta aurten Mañarian jokatuko dira, azaroaren 27an.
Bizkaiko Pilota Federazioak antolatzen duen txapelketan 48 pilotari lehiatuko dira buruz buru; 24 kadeteetan eta beste hainbeste gazte mailan. Maila bakoitzeko pilotariak lau multzotan banatu dituzte, eta multzo bakoitzeko pilotariak eskailera sistemaren bitartez sailkatuta daude. Horrela, pilotari batzuek behe-behetik ekingo diote lehiari, eta beste batzuek aurrerago jokatuko dute estreinako neurketa.
Gazteen mailan Durangaldeko pilotari bi lehiatuko dira; Pradera mallabitarra eta Urrejola otxandiarra. Biek ala biek lehenengo errondatik ekingo diote txapelketari. Kadeteetan iaz final-laurdenak jokatu zituen Bereinkua iurretarra A multzoko buru izango da, eta azaroan jokatuko du lehenengo neurketa. Calleja iurretarra ere D multzoko eskaileraren goialdean dago, aurretik Arrankudiagako Ibarrondo bakarrik duela. Multzo berean Calleja zaldibartarrak eta C multzoan Diez atxondarrak, berriz, behetik ekingo diote.
Irailaren 21eko eguaztenean, maila bakoitzeko bina partidu jokatuko dituzte Abadiñoko pilotalekuan, 19:00etan hasita. Kadeteetan, Diez atxondarrak San Sebastian gernikarra izango du aurrez aurre, eta Calleja zaldibartarrak Azkueta zaratamoztarra. Gazteetan, Urrejola otxandiarrak Albizu markinarraren kontra jokatuko du, eta Ortiz mungiarrak Artetxe portugaletetarraren kontra.