Hamarkada honetan ondoan izan dituzten lagunei eskerrak emateko, kontzertu bi eskainiko ditu Disorders boskote zaldibartarrak taldea desegin aurretik: Irailaren 16an Plateruenean, eta urriaren 1ean Zaldibarren.
Plateruenean, irailaren 16an, eskainiko du despedidarako antolatu duen kontzertuetako bat Zaldibarko Disorders taldeak: bertan une oso politak igaro izan dituztelako hautatu dute Plateruena agurrerako, azaldu digutenez. Lagunak dituzten Doctors Klub eta Never Surrender taldeekin joko dute: “Gurekin eszenatokia konpartitu dutenekin jardutea gura genuen”. Bertaratzen direnek Disordersekin jo izan duten beste talde batzuetako sei-zazpi musikariren kolaborazioa ere gozatu ahalko dute Plateruenean. Sorpresa izango da.
“Azken-azken kontzertua, baina, Zaldibarren” eskainiko dute. Hasiera batean kontzertua Gaztetxean egitea zen plana: hamarkada honetan, eta “oztopoak oztopo, taldeak iraun dezan lagundu gaituzten lagun guztiak eskertzeko”. Jende asko itxaroten dutenez, Gaztetxe barruan barik, futbol zelai zaharrean ipiniko duten karpan eskainiko dute kontzertua. Kontzertu luzea emango dute: disko bietako abesti denak, grabatuta ez dagoen abesti zaharren bat, eta jendearen gustuko bertsioak joko dituzte.
Azken urtean, iazko irailean diskoa kaleratu zutenetik, nekea igarri dutela-eta erabaki zuten Disorders desegitea, orain hiru hile: “Diskoa kaleratu genuenean ez genuen pentsatzen urtebetera hau gertatuko zenik, baina denon erabakia izan da”, diote.
Taldekide batek ere ez dauka beste proiekturik oraingoz, baina guztiek gura dute zelanbait musikagaz lotuta jarraitzea.
Orain hiru hilabete taldea desegiteko erabakia hartu zutenean ipinitako data ailegatu denean, sentitzen dutena “pena oso handia” dela diote Disorders taldeko kideek.
Azken asteetan hainbat aldiz elkartu eta “nostalgiagaz” gauzak gogoratzen jardun dutela kontatu digute: bereziki gogoratzen dituzten kontzertuak —Plateruenekoak eta Zaldibarren zein Abadiñon eskainitakoak...—, edo Zaldibartik abiatuta lagunekin egindako bidaiak: “Autobusa hartu eta hogeita hamar lagun Alegian eskainiko genuen kontzertua ikustera etortzea...”.
Platerueneko eta Zaldibarko agurretan ere, hainbat herrikide eta lagun itxaroten dituzte.