Elorrioko jaietan aurkeztuko du Kilaueak 'Rock' disko berria

Anboto 2011ko ira. 2a, 09:13

Apiriletik uztailera hogei zuzeneko baino gehiago eskaini dituzte. Irailean kontzertu mordoa eskainiko dute; tartean, Villa de Bilbao lehiaketaren barrukoa, eta asteburu honetan Elorrion eskainiko dutena. Labetik atera berri, salgai dute \'Kilauea Rock\' diskoa. Guk, diskoaren 4 ale zozkatuko ditugu: zozketan parte hartzeko, kultura@anboto.org helbidera bidali mezua!

Apiriletik uztailera hogei zuzeneko baino gehiago eskaini dituzte. Irailean kontzertu mordoa eskainiko dute; tartean, Villa de Bilbao lehiaketaren barrukoa, eta asteburu honetan Elorrion eskainiko dutena. Labetik atera berri, salgai dute ‘Kilauea Rock’ diskoa. Guk, diskoaren 4 ale zozkatuko ditugu: zozketan parte hartzeko, kultura@anboto.org helbidera bidali mezua!

\"\"

Zelan joan zen lehenengo diskoaren grabazioa?
Martxoan, lagunen artean egin genuen. Iditu Records-en grabatu genuen; estudioa alokatuta, eta gure lagun Xaguren eta Kata teknikarien laguntzarekin. Diseinua ere Ibon Urizar Elorrioko lagunak egin du... Ondoren, Azkarate Estudioetan, Jonan Ordorikarekin egin dugu masterizazioa.

 

Pozik zaudete lan horren osteko emaitzagaz?
Bai, oso. Masterizazioagaz indar handia hartu dute kantek. Disko honetako zazpi kantak ‘puntu eta aparte’ moduan ulertzen ditugu; azkenaldian jorratzen dihardugun kantek aldaketa islatzen dute: punk doinuak apur bat alboratu eta rockean zentratuz.

 

Zertan oinarrituta aukeratu zenituzten diskorako kantak?
Diskoa grabatzea erabaki genuenean, bederatzi kanta inguru geneuzkan. Gure eboluzioaren erakusle ziren: azkeneko sortutako lau kantek beste ikutu bat zeukaten; rockeroagoa. Aurkezpen maketatzat dugu hau, nahiz eta asko landu dugun. Hemendik bost urtera, egin dugun grabaketa honekin harro egotea da gustatuko litzaigukeena.

 

Zergatik maketa deitu?
Egia da maketa deitzen dugun arren, dena asko zaindu dugula: gu gure buruagaz gustura geratzea zen helburua. Maketa baten prezioa du, edozelan ere: bost euro. Zazpi kanta dira, eta nahiko laburra da diskoa: guztira, hogei minutu inguru. Maketa honen bidez jendeak ezagutu gaitzala eta eztia ezpainetan uztea da dugu asmoa.

 

Zuen musika zabaltzeko, zuzenekoen bidea baliatu duzue udan. Asko jo duzue...
Abuztuan gutxiago, baina apiriletik hona asko jotzeko aukera izan dugu, bai. Iraila ere oso potente dator; irailaren 2an Izurtzan, 3an Elorrion, 10ean Karrantzan… joko dugu. Villa de Bilbao musika lehiaketaren bigarren fasera igaro garenez, urrian Bilborocken jotzeko aukera ere izango dugu.

 

‘Woman’ da zuen myspaceko orrian sarrera gehien dauzkan kanta. Zerbait berezia dauka kanta horrek?
Beharbada, eta gure kantak entzunda zenbaitek esan digunez, borobilena izan daiteke kanta hori. Litekeena da Euskal Herrian egiten den musikarekin alderatuta bereziena izatea ere. Abesti hori gehiago entzun da, sare sozialetan ere gehien zabaldutakoa delako.

 

Gitarrak presentzia handia du zuen kantetan.
Bai, gure influentzien eragina izango da hori… Hamasei urtegaz hasi ginenetik, punteoak egiten jardun dugu. Gure ikurra ere badira punteoak; hori barik ez litzateke Kilauearen musika izango.

 

Asko lantzen duzue musika. Eta letrak zelan sortzen dituzue?
Gure berezitasunetako bat letrak inglesez egiten ditugula izan daiteke. Inguruko talde askok kantak aldarrikapenerako baliatzen dituzte, baina, gure kasuan, gehiago lantzen dugu musika; letrak ,sarritan, gau bateko, bost minutuko kontua izaten dira. Ioritz abeslariak egiten ditu letra gehienak. 

 

 

“Errodaje handia hartu dugu udako kontzertuetan”

Irailaren 3an Elorrioko Ferixa Nagusiko jaietan eskainiko duten kontzerturako zer ikuskizun prestatu duten galdetuta, “zuzenekorako berandu gabiltzan sentsazioa daukagu”, esan digute lehenengo. Baina Atxondo, Otxandio, Elorrio eta Lazkaoko mutilek osatutako Kilauea laukoteak, bihar  “zerbait berezia egiten” saiatuko direla ere aurreratu digu, entsegu-leku duten Atxondoko Gaztetxeko bigarren pisuan egin dugun hitzorduan. 

“Apiriletik izandako zuzenekoetan errodaje handia hartu dugu”, diote; kontzertuetan asko disfrutatzen omen dute. Biharkoa ez da eurentzat Elorrion joko duten lehenengo aldia izango: beste bi-hiru aldiz jo dute.

Apiriletik uztailera arte, jairik jai eskaini dituzten kontzertuetan, “batez ere, zenbaitetan, oso oso gustura” aritu direla kontatu digute: “Batzuetan ez da parean daukazun jende kopurua, baizik entzuten dutenek transmititzen dizuten motibazioa: jendea gustura dagoela ikusten baduzu zu ere gusturago egoten zara oholtzan”, aitortu digute.

Elorrioko jaietako kontzertuan, eta Durangaldeko ohiko lekuetan ipiniko du Kilauea taldeak datozen egunetan disko berria salgai.Oraingoz, lagunartean zabaldu dute eta jendeak harrera oso beroa egin dio.
Lehenago Infernuko Panpinak taldean ibilitakoak dira Ioritz eta Jukin taldekideak, eta beste talde batean bertsioak jotzen jardun izan dute Jokin eta Axik. Gaztetatik, hamasei urte inguru zituztenetik “rockaren yonkieak” direla diote, eta diskoko bigarren kanta kantatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!