Energiaren Euskal Erakundeak % 25eko finantzaketa eskainiko du bizikleta hauek lortzeko, bigarren urtez jarraian.
Bigarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, diruz lagunduko ditu bizikleta elektrikoen eta bioerregaiak erabiltzeko prestatuta dauden automobilen erosketak. Horretarako, 975.000 euroko aurrekontua duen programa jarri du martxan.
Diru-laguntza eskatzeko, EEEren webgunean azaltzen diren jarraibideak hartu beharko dira kontuan.
Garraio alorrean energia-eraginkortasuna hobetzea eta bertan erabiltzen diren energia-iturriak ugaritzea edo dibertsifikatzea dute helburu. Azken honen kasuan, garraioan petrolioaren alternatibak diren bestelako energia-iturrien erabilera bultzatzea gura dute.
Bigarren urtez jarraian, pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak, bizikleta elektrikoak, erosteko diru-laguntza emango du EEEk. Bizikleta konbentzionalen aldean, mota honetakoen prezioa garestia denez gero, haien guztizko kostuaren % 25, BEZa barne, diruz lagunduko dute; gehienez ere 500 euro emango dute bizikleta edo pertsona bakoitzeko. Ekimen hori sustatzeko, 150.000 euro emango dituzte, guztira, diru-laguntzetan.
Diferentzi bakarra
Bizikleta normalen eta elektrikoen arteko desberdintasun bakarra motor elektrikoa edo bateria elektrikoa edukitzean da, pedalei eragiten laguntzeko funtzioagaz. Bizikleta mota hauetan ibiltzeko, ezinbestekoa da pedalei eragitea; izan ere, pedalkadak emateari utziz gero motor elektrikoaren laguntza gelditu edo eten egiten da; baita 25 kilometro orduko abiadura gainditzen denean ere.
Automobilak
Bestalde, jatorri fosila duten erregaien kontsumoa txikitzeko asmoz, bioerregaien (biodiesela eta bioetanola) erabilera sustatuko dute. EEEk dituen programen artean, horrelako bioerregaien nahasketa handiak erabiltzeko prestatuta dauden automobilak erosteko diru-laguntza programa zehatza du.
Hauek dira automobil motak: gasolina-motorra daukaten automobilak eta % 85eraino bioetanolaz osatutako nahasketa kontsumitzeko prestatuta daudenak edo diesel motorra daukatenak eta, gutxienez, biodieselaren edukia % 30ean osatutako nahasketak erabiltzeko egokituta daudenak.
Azaldu dutenez, automobileko emango duten gehienezko diru-laguntza 2.200 eurokoa izango da, eta ezin izango da gainditu automobilaren prezioaren % 15.