Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu duen egun guztiko egitarauak beteko du ekainaren 4an Iurretan eta Durangon ospatuko duten Euskal Herriko Trikitixa Eguna: Jose Jabier Abasolo “Tiliño” omenduko dute.
Euskal Herriko trikitilarien eta trikitizaleen topagunea izateko antolatu dute ekainaren 4ko eguna. Maiztasun zehatzik barik antolatzen dute eguna; egin zuten azkena goiko argazkiko
Trikitixa Elkartean Esteban Larrañaga eta kideek ordura arte mende
laurdenez egindako lanaren erreleboa 1994an hartu zutenetariko batek,
Adolfo Jainagak, azaldu digu Trikitixa Egunaren jatorria. 1994ko irailaren 25ean, Durango-Urkiolan ospatu zuen Trikitixa Elkartearen talde kudeatzaile berriak lehenengo Euskal Herriko Trikitixa Eguna.
1994tik, Trintxerpen, Zamudion, Gasteizen edo Getxon ospatu dituzte
Trikitixa Egunak. 1990eko hamarkadan, “soinu txikiak sekulako gorakada
izan zuen”, kontatu digu Jainagak. “Orduantxe sortu ziren eskola gehienak,
eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu”, azaldu digu Jainagak.
Laurogeita hamarreko hamarkada horretan sortutako ikaslegoa eta
zalegoa izaten da, batez ere, Trikitixa Egunaren protagonista. Euskal Herriko alde guztietako trikitilariak batzen dira: Markinako 2006ko hitzorduan
mila trikitizale batu ziren bazkaritara; horietariko gehienak Euskal Herriko hainbat eskualdetik etorritako trikitilari gazteak.
Eskerrak Tiliñori
Adolfo Jainagaren ahotik jaso dugunez, “Francoren diktaduraren garairik ilunenean, euskal kulturaren ad ierazpena zen guztia zapalduta zegoen garaian, euskal kulturaren berpizkundean lan asko egin zuten”: gerra etorri zenean soinua armairuan gordeta geratu zen etxe askotan, sekulako errepresioa egon zelako. “Tiliñoren lana izan zen baserriz baserri joatea, eta hori guztia kalera ateratzea, eta jende horrek soinua zelan jotzen zuen erakustea”. Biharko Trikitixa Egunean eskertuko diote hori dena Tiliñori.
Diktadura hausten saiatu zenari hauspoa emanez
1974an antolatu zuten lehenengoz Iurretako Trikitixa Eguna; 99an azkena. Hogeita bost urtez, urtero urtero antolatu zuten eguna. Aldameneko argazkia 1979an hartutakoa da: dozena bat trikitilarik jaso zuten Iurretan omenaldia. “Tiliñok egun hori antolatzen egindako lan guztia eskertzeko” antolatu du Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak biharko egitaraua. Egun horren antolakuntza Iurretako Jai Batzordearen elkarlanagaz egiten zuela nabarmendu gura du Tiliñok berak.
Aurreko belaunaldietako trikitilariek zelan jo eta kantatzen zuten jaso eta erakutsi zuen Tiliñok, Trikitilari Elkartean kontatu digutenez. Gaur egun trikitia irakasten duten 40-50 urtekoek Tiliñoren dibulgazio lanari esker jaso zuten, Adolfo Jainagak nabarmendu digunez, aurrekoen irakaspena, eta eurek trasmititzen diete orain gaztetxoei.
Gaztetxoa zela Kepa Junkera Bizkaiko trikitilari zaharren artean agertzen duen argazki bat da 1974tik Iurretako Trikitixa Egunaren irudietako bat.
Baina trikitilarien, dultzaineroen eta pandero-joleen izenak, argazkiak eta hainbat eta hainbat pasadizo eta kontu gordetzen ditu bihar omenaldia jasoko duen Jose Jabier Abasolo “Tiliño”-k gogoan: Bizkaian dauden dultzaina metaliko zaharrenak Durangoko Ermodo kalean egindakoak zirela, esaterako. Tailerra Donostian zeukaten Larrinaga soinugileak ere Axpeko jatorrikoak zirela edo Bizkaiko trikitixa grabaziorik zaharrena, 1926koa, Oromiñoko Arantzeta neba-arrebei egindakoa dela, besteak beste.
Baserririk baserri, trikitilari bakoitzak musika-tresna jotzen norekin ikasi zuen edo soinua zenbat pezeta ordaindu zuen jasotzen duen zerrenda dauka Tiliñok.
Serafin Arantzeta “Oromiño” trikitilariari omenaldia egitetik hasi ziren Iurretako Jai Batzordekoak. “Ordura arte”, kontatu digu Tiliñok berak, “trikitilariak erdi gordeta egon ziren: Guardia Zibilek soinua apurtuta batzuk... ”.
Bihar, Tiliño izango da trikitizaleen omenaldia jasoko duena: bere izena daraman biribilketa eskainiko dio Oskar Estangak.