Abadiño, Atxondo, Durango, Ermua eta Markinako ume eta gazteek hartuko dute parte Euskal Kantuzaleen elkarteak eta Durangoko Orfeoiak antolatu duten saioan. Ekainaren 5ean Bilboko Euskalduna jauregian izango den Bizkaiko finalaren atarian, azkeneko kanporaketa izango da maiatzaren 27ko Plateruenekoa.
Aurten hogeitaseigarren edizioa ospatzen duen Haur Kantari Lehiaketaren barruko Bizkaiko azken kanporaketa da maiatzaren 27an Durangoko Plateruenean burutuko dutena. Besteak beste, Durangoko, Abadiñoko eta Atxondoko ume eta gazteek kantatuko dute, datorren barikuan, 20:00etan hasita.
Taldeka, binaka zein bakarka jardungo dute parte-hartzaileek; besteren artean, iaz ere lehiaketan jardun eta epaimahaiaren oniritzia jaso zuen Orfeoi Txikiaren inguruan sorturiko Durangoko Xaramel taldeak hartuko du parte. Iazko moduan bederatzik barik, zortzik osatzen dute gaur egun taldea, baina, orain urtebete legez, eskolako atsedenaldietan prestatzen dituzte euren kantak. Platerueneko kanporaketaren programan jasota datorrenez, guztiontzat ezagunak diren Xalbadorren heriotzean eta Txanpon baten truke eskainiko dituzte Xaramel taldeko neska gazteek.
Pianoak eta ahotsak osatutako bikotean ere jardungo dute gainera beheko argazkiko nesketako bik: Imanolen Mendian gora kantua prestatu dute Amaiur Azkarate eta Maite Molinak.
Durangoko hitzorduan parte hartuko duten Durangaldeko beste kantariek ere taldeka, bakarka zein binaka eskainiko dituzte Plateruenean kantak: Abadiñoko abeslari gazteek, esaterako, Ez dakit kanta berria prestatu dute txapelketarako. Txoria txori, Zarena zarelako edo Oihanean kantak ere aukeratu dituzte maiatzaren 27rako abadiñarrek. Binaka eta laukotean kantatuko dute, bestalde, atxondarrek.
Belaunaldi berriak
Kantagintzarako gustua belaunaldi berriengan ere sendo errotzeko helburuagaz antolatzen duten Haur Kantari Txapelketaren hogeitaseigarren edizioaren Euskal Herriko finala Hazparnen burutuko dute, ekainaren 11n.
Kantuzale Elkarteagaz batera Durangoko hitzordua prestatzen jardun duen Durangoko Orfeoiko Roberto Palaciosek azpimarratu duenez, “Orfeoian ere belaunaldi ordezkapena segurtatzeko” garrantzitsua da Haur Kantari Lehiaketa lako ekimenen bitartez kantatzea gogoko duten ume eta gazteekin lan egitea, eta aukerak eskaintzea.
Azkaratek berak sortutako kanta: ‘Aita’
Xaramel taldeko kide legez eta binakako lehiaketan ere parte hartuko duen Amaiur Azkarate gazte durangarrak berak sortutako kantagaz ere hartuko du parte maiatzaren 27ko Platerueneko emanaldian. Azaldu digunez, orain lau hilabete amaitutzat emandako kanta da, Plateruenean, ahotsagaz bakarrik, ezelako instrumenturen laguntzarik barik, eskainiko duena: Aita dauka kantak izena, eta sentimendu handiz eginikoak letra eta doinuak. Kantaren letretan nabari denez, barru-barrutik ateratako kanta da Haur Kantari txapelketaren barruko saioan eskainiko duena. Entzutean, “negarrez hasi izan da jendea”, kontatu digu neska durangarrak. Orijinalitatearen eta a capella-koen sailean saria lortzeko aukerak dauzka.
Datorren barikuan Durangoko Plateruenean jarduteak zirrara berezia eta “lotsa handia” eragiten diola kontatu digu Amaiurrek.