Sasikoak ezin izan dio Nazional A mailari eutsi; iazko denboraldiko postua berdintzea dute orain helburu. Mallabiak, ostera, Nazional B mailan jokatuko du hurrengo denboraldian
Sasikoak ezin izan dio Nazional A mailari eutsi; iazko denboraldiko postua berdintzea dute orain helburu. Mallabiak, ostera, Nazional B mailan jokatuko du hurrengo denboraldian.
Datorren denboraldian eskualdeko hiru talde arituko dira areto futboleko Nazional B mailan. Kirol horretan, Durangaldeak ordezkariak izango dituen mailarik altuena izango da maila hori.
Elorrioko Buskantzaz gainera, Nazional A mailatik jaitsiko den Sasikoa, eta igoera lortu duen Mallabia taldeak arituko dira bertan 2011/2012 denboraldian. Maila galduko duen zortzi taldeetako bat da talde durangarra; Federazioak Nazional A maila mugatu nahi izatearen ondorio dira jaitsiera horiek. \"Bagenekien mailari eustea gaitza izango zela, hala ere, gogoz saiatu gara\" onartzen du Urnietak. [imgd]http://www.anboto.org/images/9200/9261/1.jpg[/imgd]
Federazioaren neurriez gainera, muga ekonomikoak ere badirela onartzen du Iban Urnieta entrenatzaileak. \"Maila horretan lehiatzeko aurrekontu handia behar da\". Maila galdu arren, Urnieta pozik agertu da bere taldeak eginiko denboraldiagaz; bere berbetan, asko ikasi dute jokalariek zein gainontzekoek: \"Azken partiduetan proba ugari egin ditugu; harrobia asko landu dugu, eta hainbat motatako taktikak prestatzeko ere balio izan digute partidu horiek\".
Azken urteetan harrobiari garrantzia handia eman dio Sasikoak. Urnieta entrenatzailearen berbetan, hori izango da etorkizunera begira durangarren erronka handiena. Sasikoak gazte mailako taldea du, eta aurrera begira, kadete mailakoa sortzea dute gogoan. \"Taldea gaztetu eta elikatzeaz gainera, areto futbola sustatzea da gure helburua. Durangaldeko gazteei beste kirol alternatiba bat eskaini gura diegu\".
Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren falta, datorren denboraldiari begira daude durangarrak. Puntuak lortzeaz gain, maila ahalik eta itxura onena eskainiz agurtu gura dute. \"Datorren denboraldian lehenengo bosten artean lehiatzea da gure helburua, eta horri begira ere prestatzen ditugu azken partiduak\".
Igoera, mallabitarren denboraldi borobilaren saria
Urte bakarrean txiki geratu zaio Euskal Liga Mallabiari. Iazko denboraldian igoera lortu ondoren, mailari eustea zen mallabitarren helburua. Helburu hori aspaldi lortuta, goiko postuetan mantentzeari ekin diote; behin igoera lortuta, denboraldia lidergoan amaitzea bilatuko dute mallabitarrek. Horretarako, gakoa izango da datorren jardunaldian Inter taldeari irabaztea. Euskal Ligako lehenengo bi taldeen lehia izango da hori. Gaur egun, hiru puntuko aldea dago bi taldeen artean. Bestalde, Datorren denboraldiari begira entrenatzaile bila dabiltza mallabitarrak.