Asteburuan Iurreta, Atxondo eta Mallabiak ekingo diote txapelketari. Durango 2. fasean sartuko da lehian. Abadiño eta Berriz baja dira
Asteburuan Iurreta, Atxondo eta Mallabiak ekingo diote txapelketari. Durango 2. fasean sartuko da lehian. Abadiño eta Berriz baja dira.
Asteburu honetan Bizkaiko Herri Arteko Pilota txapelketa hasiko da. Urtero legez, kanporaketa bidezko sistema jarraituz jokatuko da txapelketa; hau da, joaneko eta itzulerako partiduak egongo dira. Esku-huskakoan 34 herrik parte hartuko dute, 2010ean baino bi herri gutxiagok; Durangaldeari dagokionez, Durango, Iurreta eta Atxondok errepikatu egingo dute, eta iaz huts egin ondoren, Mallabia gehitu da txapelketara. Abadiño eta Berriz, ostera, baja dira 2011ko Herri Artekoan.
Iurreta, Atxondo eta Mallabiak asteburu honetan ekingo diote lehiari. Iurretarrek Lekeitioren kontra jokatu beharko dute. Atxondo, ostera, Bermeoren aurka arituko da. Mallabia, berriz, Portugaleteren aurka arituko da, nor baino nor gehiago. iazko sailkapen postuari esker, Durango bigarren fasean sartuko da lehian. Lehenengo faseko irabazleetariko baten kontra lehiatuko dira durangarrak. Txapelketako finala, Enkarterrietako pilotaleku batean jokatuko da; ekainaren 26an jokatzea dago aurreikusita.
Zesta puntan, iaz legez, sei herri arituko dira, tartean, Durango; txapelketan parte hartuko duten gainerako herriak Markina, Berriatua, Lekeitio, Getxo eta Gernika dira. Azken herri horren aurka lehiatuko dira Durangoko zesta-puntalariak. Zesta-puntako finala maiatzaren 28an jokatuko da, Durangon. Egun horretarako, Pilotagazte jaialdia dago iragarrita.