Berrizko eta Durangoko liburutegietan eta Elorrioko Arriolan izango dira saioak Munduko Kontalariak jaialdiaren Durangaldeko emanaldietan: apirilaren 15ean ipini dute hitzordua
Berrizko eta Durangoko liburutegietan eta Elorrioko Arriolan izango dira saioak Munduko Kontalariak jaialdiaren Durangaldeko emanaldietan: apirilaren 15ean ipini dute hitzordua
Argentina, Euskal Herria, Kolonbia, Kuba, Venezuelako ahotsak dakarzkigu Munduko Kontalariak jaialdiak Berriz, Durango eta Elorriora apirilaren 15ean. Datorren barikuan, beraz, Berrizko eta Durangoko udal liburutegietan 20:00etan, eta Elorrioko Arriola antzokian 22:00etan eskainiko dituzte emanaldiak. Antolatzaileen berbetan, \"mundu globalizatu eta uniformatu honetan, euren mundu magikoa\" eskainiko digute kontu kontalariek saio horietan.
Jhon Ardila kolonbiarrak eta Victoria Siedlecki kontalariek jardungo dute, esaterako, Elorrion. Entzulego helduari zuzenduta, De allá izenburua daraman saioa eskainiko du Ardilak: bere herrialdearen historiari, musikari, gastronomiari, geografiari, ohiturei eta usadioei erreferentzia eginez.
Victoria Siedlecki argentinarrak ere jardungo du Arriolan, eta Relatos eróticos ipuin sorta eskainiko du: erotismoa da saioaren ardatza, eta bertaratzen direnengan \"entzutearen plazera\" berpiztea duela helburu esaten du.
Apirilaren 15ean, 20:00etan, hiru emanaldi izango dira Berrizko liburutegian ere: Contando y cantando ando… Venezuelako Fanny Fuguet kontalariaren eskutik, Lucas Nápoles kubatarraren Que comience el wemilere eta Ainara Bilbaoren Cuentos en su salsa izango dira entzungai.
Durangoko udal liburutegiko saioan, Ainara Bilbao kontalari euskaldunak eta Jhon Ardila kolonbiarrak hartuko dute parte, apirilaren 15ean, 20:00etan hasita.