Hileta edo omenaldi zibilak arautzeko ordenantza onartu dute Iurreta eta Durangoko udalbatzarrek. EB-Berdeak taldearen ekimenez egin du aurrera udal araudi berriak Iurretan; Durangon, Aralarrek proposatuta
Hileta edo omenaldi zibilak arautzeko ordenantza onartu dute Iurreta eta Durangoko udalbatzarrek. EB-Berdeak taldearen ekimenez egin du aurrera udal araudi berriak Iurretan; Durangon, Aralarrek proposatuta.
EB-Berdeen, jeltzaleen eta Alderdi Popularreko zinegotzien aldeko botoekin onartu dute ordenantza Iurretan. Abstenitu egin dira sozialistak eta inolako alderdiri atxikitu gabeko zinegotzia.
EB-Berdeen zinegotzi Jose Luis Zubillaga \"pozik\" hartu du ordenantzaren berrespena. Horretara, Udalak \"askatasun ideologiko eta erlijiosoa zein gurtzarako askatasuna bermatuko\" duelako; baita ospakizuna \"pertsonal eta duina\" egiteko aukera ere erlijiorik gabe bizitzea hautatu dutenentzako.
Ordenantza horren bitartez, hileta zibiletara gordetako espazioak erabiltzeko baimena eskatu ahal izango dute herritarrek alkatetzan: oro har, Ibarretxe kultur etxeko areto nagusia eta udaletxeko pleno aretoa izango dira. Eskariaren aurrean \"egoerak eskatutako arintasunagaz erantzungo du Udalak\".
Durangon, Elkartegiko areto nagusian
Durangon Elkartegiko areto nagusia eskatu ahalko da agur horiek egiteko, eta lekua alokatzeagatik ez da ezer ordaindu beharko. Araudian ipini dutenez, eskaria 48 ordu arinago egin beharko da.
Duela hile beteko udalbatzan aurkeztu zuen hileta zibilen gaineko mozioa Aralarrek, eta hortik abiatuta eratu dute araudia. Duela hilebete PP eta EAJren botoekin bota zen atzera gaia batzordetik pasatu behar zela argudiatuta. Araudia eratuta, alderdi guztiek aho batez onartu dute udalbatzan.
Aralarreko bozeramaile Dani Maezturentzat Elkartegia \"leku aproposa da\" eta \"erabileragaz ikusiko da egokia den eta beste leku batzuen eskaerak dauden\".
Talde mistotik azaldu dute, Landakogune alboko parkean \"gune berezitu bat\" ipintzearen alde daudela.
Alderdi sozialistatik gaur egun 10 hiletatik bi zibilak direla azaldu dute, eta Durangoko Udalak \"erraztu egin behar\" duela durangarrek zer motatako agurra erabili gura duen erabakitzea.
Alderdi popularrak gizartean \"geroago eta gehiago eskatzen den\" kontua dela aipatu du, eta EAJk ere beharrezko neurria dela argudiatu du: moziotik abiatuta \"araudi on bat\" landu dutela nabarmendu du Goiztidi Diaz bozeramaileak.