Amatasunari buruzko 'Ecografías', eta tolerantziaren gaineko 'Mintzo'

Anboto 2011ko api. 1a, 09:47

Gaur, apirilaren 1ean, 21:00etan, Zornotza Aretoan da Makiescenica taldearen \'Ecografías\' lanaren emanaldia; apirilaren 3an, dantza garaikideak beteko du Durangoko San Agustin

Gaur, apirilaren 1ean, 21:00etan, Zornotza Aretoan da Makiescenica taldearen \'Ecografías\' lanaren emanaldia; apirilaren 3an, dantza garaikideak beteko du Durangoko San Agustin. Karmele Jaioren testu batetik abiatuta sortutako ikuskizun multimedia da Makiescenica taldeak gaur, 21:00etatik aurrera, Zornotza Aretoan eskainiko duen eta ezkerreko argazkian jaso dugun Ecografías. Ramón Barea aktore ezaguna da lanaren zuzendaria eta Irene Bau antzezlea. \"Amatasunaren erraietara bidaia\" legez aurkezten dute sortzaileek ikuskizuna, eta sinopsian azaltzen dutenez, \"neskatotxo bat adoptatzera Addis Abebara abiatzen den emakume baten oroitzapenen eta sentimenduen inguruko testua\" da haria. Bere baitarako bidaia bilakatzen dena. Durangoko kulturgunetik asteon plazaratu duten egitarauan jaso dutenez, maiatzean Durangoko San Agustinen ere ikusgai izango da Ecografías.

Domekan dantza

Asteburu honetako San Agustingo eskaintzak, berriz, dantzagaz dauka zerikusia. Dantzaz konpainiaren Mintzo ikuskizuna ekarriko dute apirilaren 3an Durangoko antzokira. Sarritan hizkuntzak berak baino gehiago eta hobeto adierazten duen gorputzaz, kezkez eta mesfidantzez diharduen lana da domekan, 19:00etan hasita, gozagai izango duguna. \"Elkar-ulertzea, mestizajea eta tolerantzia goraipatzen dituen poema ikusgarria\" da Sophie Antoin, Hilde Koch, Eric Gauthierrek Ballet eta Jone San Martín koreografo gazteek eskaintzen duten Mintzo.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!